Mutriku Sokatira Taldeko kideek bihar hasiko dute denboraldia ofizialki
Sebastian Gurrutxaga entrenatzailearen esanetara hamahiru lagun ariko dira aurten. Pisu handiko txapelketak lehiatuko dituzte bakarrik. Lehen postuetan egoten ahaleginduko diraBihar bueltatuko da lehia ofizialera Mutriku Sokatira Taldea. Lur gaineko ta...
Sebastian Gurrutxaga entrenatzailearen esanetara hamahiru lagun ariko dira aurten. Pisu handiko txapelketak lehiatuko dituzte bakarrik. Lehen postuetan egoten ahaleginduko dira
Bihar bueltatuko da lehia ofizialera Mutriku Sokatira Taldea. Lur gaineko taldea Berriatuan hasiko den Euskadiko Sokatira Txapelketari ekiteko gogotsu dago. Eta, iaz gertatu modura, aurten ere Sebastian Gurrutxaga Loreto azkoitiarraren esanatera ariko dira taldea osatzen duten hamahiru tiralariak.Denboraldi berriari begira pisu handiko txapelketetan parte hartuko dutela aitortu dute mutrikuarrek. Zehatz esanda, 680 kiloko, 640 kiloko eta 600 kiloko kategorietan parte hartuko dute. 560 kiloko kategoria, berriz, ez dute lehiatuko, pisu kontuagatik. «Taldea osatzen dugun hamahiru lagunok nahikoa astunak gara, eta ez dugu uste 560 kiloko lehian sartzeko aukerarik edukiko dugunik».
Lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa bihar hasiko baldin bada ere, aurreko astean jokatu zuten Azkoitian jardunaldi bat. «Azkoitiako kanporaketara ezin izan ziren bi talde etorri. Eta Azkoitiako saioa txapelketaren barruan jokatuko bazen ere, ez zen puntuagarria izan». 680 kiloko txapelketa, hortaz, bihar hasiko da ofizialki, eta maiatzaren 19an Deban jokatuko den finalean erabakiko da.
Beste kategorietako txapelketak, beste alde batetik, ohi bezala jokatuko dira. Bi kanporaketa jokatuko dira lehendabizi, eta, azkenik, finala.
Denboraldi berriari dagokionez, maila ona erakutsi nahi dute. «Hasiera batean asmo polita daukagu, baina ikusi egin beharko da zer moduz moldatzen garen. Lehen postuetan egoteko ahalegina egiten saiatuko gara».