Herriko jai nagusiak, gozamenerako aitzaki
Ekitaldiz betetako hilabetea da maiatza ajangiztarrentzat. Jaiak gozatzeko kultur, kirol zein gastronomia planak dituzte herritarrek aukeran. Beste urte batez, herriko plaza izango da bilgune nagusia.Eskualdeko jaien artean egutegian gorriz markatuta d...
Ekitaldiz betetako hilabetea da maiatza ajangiztarrentzat. Jaiak gozatzeko kultur, kirol zein gastronomia planak dituzte herritarrek aukeran. Beste urte batez, herriko plaza izango da bilgune nagusia.
Eskualdeko jaien artean egutegian gorriz markatuta daudenetarikoak dira Ajangizeko sanasentsioak eta sanisidroak. Uda aurretik, lehenengotarikoak dira, eta beraz, motorrak berotzen hasteko aukera ederra eskaintzen dute.Errenteria ere Ajangiz dela aldarrikatuz, ohitura legez, Errenteriako zubitik herriko plazara Saragiaren igoera eginez ekingo diete herriko jai nagusiei, eguaztenean. Biharamunean, Asentzio Eguna ospatu ostean, bariku gauean kontzertuen txanda izango da.
The Riff Truckers talde gernikarrak Over The Edge bere azken lana taularatuko du, aurkezpen biran etxean geldialdi berezia eginez, eta Liher talde gipuzkoarra Tenpluak erre izeneko bere bigarren diskoa aurkeztera dator Ajangizera. Hain zuzen, azken bi urteetako taldearen bilakaeraren eta zuzeneko esperientziaren emaitza da soinu berri hori.
Eliza antzezleku
Bestalde, maiatzaren 18an emanaldi garrantzitsua hartuko du Jaunaren Igokundearen eleizak. Manex Fuchs zuzendariaren Hozkailua antzezlana ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek. «Bigarrenez ekarriko dugu antzerki bat elizara; gauza bitxia eta berezia da», azaldu dute udal ordezkariek. Ander Lipus markina-xemeindarra eta Patricia Urrutia bilbotarra dira Karlos eta Maite obrako protagonistak. Unai Iturriaga bertsolari durangarraren testuagaz, eta Asier Ituarte eta Keu Agirretxea ondarrutarren musikagaz sortutako lana da.
Biharamunean, bazkari herrikoian elkartuko dira bertako zein inguruko bizilagunak. Sukalki Txapelketa aitzakitzat hartuta, egun osoan jai giro ezin hobea izango dute ume, gazte zein nagusienek.
Kirola, jaiak borobiltzeko
Bi asteburutan nekatu arte gozatzeko hamaika ekitaldi izan ostean, beste urte batez, herriko mugetatik mendi ibilaldia eginda amaituko dituzte jaiak, maiatzeko azken domekan.
XI. Mugari Biran 20 kilometroko eta 11 kilometroko ibilaldiak izango dituzte aukeran herritarrek. Amaieran, hamaiketako ederra janez borobilduko dituzte herriko jai nagusiak.