Aurreko urteetan moduan,
Euskadiko Kopako lehen proba da Mundakakoa.
Zapatuan 09:00etan hasiko da lehia, eta
domekan, 10:00etatik aurrera lehiatuko dituzte
finalak. Lehen egunean bost ordu inguru egongo dira uretan, eta bigarrenean hiru bat ordu.
40 surflarik izena eman dute, eta tartean daude Mundaka Surf Kayak Piraguismo Elkarteko kideak. Bost kategoria daude txapelketan: Open, Master, Gran Master, Junior eta Neskak.
Argazkia: Txema Carreto.
Orain dela bi aste lehiatu behar zuten txapelketa, baina itsasoko balditza ezegokiengatik atzeratu egin zuten. Beraz, oraingo honetan
baldintza egokiak izatea espero dute. “Olatu onak izatea da gure kezka nagusia. Berez baldintza onak iragarrita daude, baina, Mundakako ezker olatua apetatsua da, eta bertan egon arte ezingo dugu guztiz egokiak diren jakin”.
Herriko klubeko bost ordezkari egongo dira.
Txema Carreto durangarra Grand Masterrean lehiatuko da. Mundakako klubaren sortzaileetako bat da, eta 2017ko Munduko Txapelketan zilarrezko domina irabazi zuen, Grand Master kategorian.
Andres Valle mundakarrak Master HP eta Open kategorietan parte hartuko du.
Xabi Caballero eta Mikel Caballero (Master HP) lehengusu
busturiarrak ere Mundakan izango dira. Oskar Martinez getxoztarra, berriz, Master HP eta Master IC modalitateetan ariko da.
Halaber, izena emandako artean dago Open kategoriako Odei Etxebarria txapeldunorde donostiarra, bai eta
Euskal Herriko selekzioko kideak ere (egungo Open kategoriako
Munduko txapeldunak). “Parte hartzaile gehienak euskal herritarrak dira, baina, esaterako, bi galiziar daude izena eman dutenen artean. Gainera, orain dela bi aste lau gales etorri ziren, eta orain euren baieztapenaren zai gaude, hegaldiaren menpe daude-eta”, azaldu du Carretok.
Kopa. Euskadiko Kopa bost probak osatzen dute. Mundakakoaren ostean, Bakion lehiatuko dute bigarrena, maiatzaren 19an eta 20an. Gero, udako geldialdiaren ostean, irailean eta urrian, Barrikan, Zarautzen eta Donostiako Zurriola hondartzan lehiatuko dituzte gainontzeko hirurak.