Kaxerogaz, guztien eta guztientzako jaiak
Beste behin, partaidetza handiagaz osaturiko egitarau zabal bezain oparoagaz ailegatuko dira sangregorioak. Bi asteburutan nekatu arte jai giroaz gozatuko dute. Katalanen bisita berezia jasoko dute aurten.Goi-goitik emango diete hasiera zapatuan aurten...
Beste behin, partaidetza handiagaz osaturiko egitarau zabal bezain oparoagaz ailegatuko dira sangregorioak. Bi asteburutan nekatu arte jai giroaz gozatuko dute. Katalanen bisita berezia jasoko dute aurten.
Goi-goitik emango diete hasiera zapatuan aurtengo Berriatuko sangregorioei. Izan ere, lehenengo egun horretan Kaxero Gaupaseroren jaitsieragaz batera, Nekazal eta Kontserba Azokak, herriko elkarteen arteko V. Pintxo Lehiaketak eta Gazte Egunak bat egingo dute. Iaz ez zuten gazteen eguna ospatu, eta aurten berreskuratu egin dute euren egun handienetarikoa.Bihar, Kaxeroren harreraren ostean, atzerritarrek izango dute pregoia irakurri eta txupina jaurtitzeko ardura eta ohorea.
Eta azoka eremuan, askotariko ekoizleen produktuak erosi eta dastatzeko aukera egongo da, 10:00etatik 14:30era.
Guztira 27 salmahai egongo dira, arrain kontserba, mermelada, Idiazabal gazta eta ahuntz gazta, baserriko ogiak, gozoak, ahateki, ezti, txerriki, talo, gilda eta ardoz beteta. Artisau, hazi saltzaile, loreen mintegia eta Produktonen, herri ikastetxearen eta Gure Esku Dago-ren erakusmahaiak ere jarriko dituzte.
Azoka Berriatuko Udalak eta Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkarteak elkarlanean antolatuta dago. Horregatik, antolatzen laguntzen duten Udal Brigadari, boluntarioei eta herriko elkarteei eskerrak eman nahi izan dizkiete.
Halaber, jaietako ekintza guztiak partaidetza handiagaz osatu dituztela nabarmendu du Jon Arriola alkateak, eta jai batzordeko kideen zein txosnetan lanean aritzen direnen lana ere eskertu du.
Pintxo lehiaketa
Hain zuzen, elkarlan horren adibide ere bada aurten bosgarrenez egingo duten elkarteen arteko pintxo lehiaketa.
Herriko Goxalde elkartea, Milloitxarrak, Anaitasuna eta Kukulumutxu elkarteez gain, Ondarroako Ezkilantxarri elkarte gastronomikoa gonbidatu dute aurten.
Talde bakoitzak lau pintxo mota egingo ditu; bakoitzak gutxienez 200-250 pintxo egingo ditu. «Aurre prestaketa lanak nork bere egoitzetan egin ahal dituzte, baina azken prestaketa egunean bertan azoka eremuan egin beharko dute».
Pintxoak dastatzeko txartelak azokan egongo dira salgai, 2 eurotan. Txartel bakoitzagaz bi pintxo eskuratuko dituzte herritarrek.
Arratsaldean, Berriatuan hasiko da Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa. 680 kiloko lehen saioagaz hasiko da, eta zazpi talde lehiatuko dira, tartean, mutrikuarrak. Hurrengo egunetan ere kirol ikuskizunak ez dira faltako, pala txapelketa, errugbi partiduak eta herri kirolak egongo baitira.
Bihar gauean eskualdeko musika taldeen emanaldiez gozatuko dute bertako zein inguruko herritarrek.
Katalanekin harremantzen
Eguaztenean San Gregorio eguna ospatuta, hurrengo asteburuari begira egongo dira berriatuarrak. Zapatua, esaterako, Paellada Eguna izango da, eta aurten gonbidatu bereziak hurreratuko dira.
Izan ere, Kataluniako Viladamatetik autobus bete katalan helduko dira. Eguerdian harrera instituzional beroagaz emango diote ondoetorria.
Udal biek harremana hasi dute, eta senidetze bidean lehen pausoa emango dute aurtengo jaietan. Hain zuzen ere, berriatuarrak uztailaren amaieran joango dira Kataluniako udalerriko jaietara.
Gaueko kontzertuak, berriz, inguruko gazteentzat hitzordu garrantzitsua dira. Aurten, Glaukoma talde tolosarraren aldeko apustua egin dute. Ondoren, Las Tea Party bikoteak dantzan jarriko ditu bertaratutakoak.
Domekan, berriz, Kaxero Gaupaseroren agurraren ostean, ezusteko ikuskizun harrigarria egongo da.