Gazte Asanbladakoek manifestazioa deitu dute biharko
Azokakalea kalean okupatutako eraikinean apirilaren 17an gertatutakoa salatzeko manifestazioa deitu du Egurre Gazte Asanbladak biharko. 20:00etan hasiko da, Merkurion.Atxilotu zuten Gazte Asanbladako kidea agintaritzaren aurkako atentatua egotzita epai...
Atxilotu zuten Gazte Asanbladako kidea agintaritzaren aurkako atentatua egotzita epaitu zuten atzo goizean, Bilbon; berarentzako bost hilabeteko kar- tzela zigorra eskatu dute. Epaiaren zain dago.
Gazte Asanbladakoen esanetan, «ertzainen laguntzagaz familiako kideak eta beraien abokatuak eraikinean sartu ziren, beraiek defendatzen duten legaltasun guztia errespetatu gabe»; gertaera hori salatzeko egingo dute, hain zuzen ere, manifestazioa.
Gazteen arabera, eraikinaren jabeen familiakoen helburua «epaile baten aginduen gainetik blokea zarratzea eta beste hainbat urtez herri erdiko blokeari inungo erabilpenik ez ematea» izan zen. Gainera, jabeen abokatuak apirilaren 17an izandako jarrera salatu dute gazteek, «asanbladako kide batzuen gurasoei deitzearren». Horrenbestez, «proiektu alternatiboak planteatzen dituztenen kontrako erasoari erantzuteko» deitu dute manifestazioa.
Hala ere, asanbladakoek esan dute eraikinean jarraitzen dutela eta beriaien proiektuak burutzen dabiltzala.
Okupazioaren arrazoiak
Gazteek «erabilpenik ez» duen eraikina okupatu dutela diote: «Blokea Sarrikolea familiarena eta bi enpresena da, eta eraikinaren hiru laurden baino gehiago dago bi enpresen menpe. Inolako proiektu gabe dago eraikina, eta urteak daramatza hutsik. Horregatik, herritarren beharrizanei erantzuteko guztiz legitimoa ikusten dugu bere okupazioa».
Diotenez, jabetza pribatuaren aurkako planteamenduak ez direla «inolaz ere» edozein etxe, auto edo bestelakoak kentzekoak. «Erabilerarik ez duten espazioei beharrizanen araberako erabilera ematea da helburua».