Euskara sustatzeko planaren batzarra egingo dute gaur
Helburu estrategikoak lantzeko lan mahaiak finkatu dituzte Euskara Batzordekoek. Hurrengo batzarra maiatzaren 30erako iragarri duteEuskara Sustatzeko Plan Estrategikoa moldatzeko bigarren batzar irekia egingo dute gaur, Gernika-Lumoko Euskara Batzordea...
Helburu estrategikoak lantzeko lan mahaiak finkatu dituzte Euskara Batzordekoek. Hurrengo batzarra maiatzaren 30erako iragarri dute
Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa moldatzeko bigarren batzar irekia egingo dute gaur, Gernika-Lumoko Euskara Batzordeak deituta. 18:30ean Kultur Etxeko erakusketa gelan batuko dira parte hartzaileak.Bigarren batzar horretan 2023. urtean Gernika-Lumon euskararen egoera zelakoa izatea nahi duten aztertuko dute Euskara Batzordekoek. Gainera, nahi den egoera horretara iristeko «zer falta den eta zer egin daitekeen» zehaztuko dute.
Lehenengo batzarra
Martxoaren 22an egin zuten lehenengo bilera irekia Euskara Batzordekoek, eta bertan, lau puntu landu zituzten.
Lehendabizi, 2019-2023 eperako Plan Estrategikoa eratzeko Euskara Batzordearen proposamena aurkeztu zuten, eta proposamena ontzat eman zutela adierazi dute.
Bigarrenez, euskararen egungo egoerari buruzko hausnarketa orokorra egin zuten parte hartzaileek, eta Gernika-Lumori dagokionean euskararen erabi- leraren araberako pozteko eta kezkatzeko faktoreen taula egin zuten. Eskolen arteko elkarlana, herrian euskaraz bizitzea posiblea zela, enpresetan euskara planak garatzen dabiltzala eta herriko euskararen ezagutza maila egokia dela nabarmendu zituzten pozteko faktoreen artean, besteak beste.
Kezkatzeko faktoreen taulan, berriz, umeen euskararen erabilera jaitsi egin dela, ostalaritzan gaztelania nagusitzen dela, gurasoen arteko euskararen erabilera apala dela eta gaztelaniaren erabilera normaltzat hartzen dela azpimarratu zituzten.
Gerora, partaide bakoitzak hautatutakoaren arabera, helburu estrategikoak lantzeko lan mahaiak finkatu zituztela jakinarazi dute.
Bukatzeko, hurrengo batzarren datak finkatu zituzten; gaurkoaren ostean, maiatzaren 30erako deitu dute hirugarren batzar irekia.