Seigarrenez, esku pilota txapelketa jokatu dute herriko jaien inguruan, eta domekan lehiatuko dituzte final handiak,
11:00etatik aurrera. Txapelketa oso ondo joan dela nabarmendu dute Gantzabale Elkartearen ordezkariek, eta finaleko egunean ere pilotariek ikuskizun ederra eskainiko dutela ziur daude.
Argazkia: Gantzabale Elkartea.
Aurreko bi domeketan, kategoria guztietan partidu onekin gozatu dute, eta lehen mailako afizionatuek erakutsi dute
profesionaletara jausia egiteko gaitasuna badutela. Hain zuzen, aurreko urteetako txapelketak lehiatuko askok urtebeteren buruan debutatu zuten, eta oraingoan ere hala izango dela deritzote antolatzaileek. Zeresana eman dezaketen finalistak daude: “Esaterako, Espinalek Mexikon jokatutako Munduko Frontball txapelketa irabazi du; oso pilotari fina da. Lau finalistek ere profesionaletan debutatu ahal izateko dohainak dituzte”.
Etxebarria nabarniztarra eta Uriondo gizaburuagarra finalera sailkatzea espero zuten antolatzaileek, baina partidu onak egin arren, ez dute finalerako txartelik lortu. Pilotarien egutegiaren barruan, txapelketa edo torneo asko pilatzen zaizkien garaia da, eta aurten parte hartu behar zuten bi pilotari lesionatu egin zaizkie jokatu behar zutena baino egun batzuk lehenago. Hala ere, ordezko onak topatu dituztela-eta pozik daude.
“Izugarrizko finala espero dugu. Aurreko finalerdietan giro itzela egon da, eta domekarako hobea izatea gura genuke”, azpimarratu dute. Domekarako gonbidapena luzatzeagaz batera, orain arteko partiduetara bertaratutakoei
eskerrak eman dizkiete, bai eta txapelketa antolatzea posible egiten duten babeslei. Euren berotasunak eta laguntzak urtez urte txapelketa antolatzen jarraitzeko indarra ematen diela adierazi dute.
Domekan kategoria guztietako irabazleek jantziko dute txapela, eta urtero legez,
jarrera egokiena erakutsi dutenak ere sarituko dituzte. “Gizatasuna eta kiroltasuna eta horiekaz lotutako balioak saritzen ditugu: adorea, eskuzabaltasuna, sufritzeko gaitasuna… Bestalde, denentzat txapelak egongo dira, batik bat umeei ilusio handia egiten die”.
Jarrera egokiaren saridunei kamiseta teknikoagaz eta herriko “produktu izarra” den indaba oparituko diete. Bestalde, inguruko merkatari eta enpresen laguntzari esker, pernila, txorizoa eta bestelako produktuak zozkatuko dituzte.
- PARTIDUAK:
Umetxoak
Bengoetxea II-Urzelai II vs.
Bengoetxea I-Uzelai I
- Alebinak
Alday-Mandaluniz vs.
Diaz-Andrinua
- Txikiak
Arrizabalaga-Bullon vs.
Iza-Arroita
- Lehen mailako afizionatuak
Alberdi-Aizpuru vs.
Espinal-Bikuña