GOUPak Bermeoko zaharren udal egoitzan inbertsioak eta mantenu lanak egin ditu
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak eta Gizarte Ongizaterako Udal Patronatu presidente eragileak azaldu duenez, 62.528 eurotako inbertsioa egin dute Sancti Spiritus zaharren udal egoitzan “kalitatezko zerbitzua bermatzeko”.
Ibarrolazaren hitzetan, Bermeoko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren barnean herritarrek hautatu zuten “bigarren proiektua” izan zen zaharren udal egoitzan konponketak egitea.
Hainbat izan dira egoitzan egindako mantenu lanak: hasteko, lan bertikalen bidez mantenu lan konplexuak egin dira fatxada guztian, egurra garbituz, saneatuz eta berniztatuz. Era berean, teilatuko zorrotenak konpondu dituzte itoginak saihesteko, baita hor izandako matxurak ere. Etxebizitza komunitarioen kasuan, leiho guztiak aldatu dituzte isolamendua bermatuz, zaratak saihestuz eta tenperatura egokia mantenduz.
Ildo berean, langileentzat atseden gune bat egokitzeko lanak egin dituzte, eta udal zaharren egoitzarako beharrezkoa den materiala lortu dute: hozkailua eta labe berriak sukalderako, gau-mahai berriak logelatarako edota esku ohialak. Bukatzeko, “osasun materiala ere eskuratu dela” adierazi du Ibarrolazak.
Mantenu lanez gain margotze lanak ere egin dituztela esan du Ibarrolazak. Horrela, portxea margotu dute, terrazako eta harrera guneko hormekin batera.
“Bermeoko udal zaharren egoitza egoera egokian mantentzeko beharrezkoak diren lanak egin ditugu, kalitatezko zerbitzua bermatzeko ezinbestekoak direlako eta aurten ere hainbat lan egiten jarraituko dugu Sanctis Spiritus egoitza era egokian mantentzeko”, nabarmendu du presidente eragileak.