Aurten ere Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak jantzi dute txapela
Busturialdeko Ivan Muñoz eta Hodei Madariaga bigarren sailkatu dira. Ander Txakartegi eta Alexander Maguregi izan dira eskualdeko onenak. Oso gorabeheratsua izan da rallyaAingeru Castro pilotua eta Alaitz Urkiola kopilotua izan dira VII. Lea-Artibai r...
Busturialdeko Ivan Muñoz eta Hodei Madariaga bigarren sailkatu dira. Ander Txakartegi eta Alexander Maguregi izan dira eskualdeko onenak. Oso gorabeheratsua izan da rallya
Aingeru Castro pilotua eta Alaitz Urkiola kopilotua izan dira VII. Lea-Artibai rallyko Scratch sariketako onenak. Hondarribiko Sardako taldeko bikoteak besoak altzatuta ospatu zuen garaipena zapatu gauean, Etxebarrian. Iaz modura, eurentzat izan da podiumeko gorengo postua. BMW M3 autoagaz 01.06.22 behar izan dute ibilbidea osatzeko.Irabazleak pozez gainezka agertu ziren lasterketa amaitu ostean, eta zapatuan egin zuen euriagatik oso lasterketa zaila izan zela aitortu zuen pilotuak. «Euria dela eta, egoera oso aldakorra izan da. Lehen postuan ibili gara, eta segundo erdiagatik, lasterketako denborarik onena ezartzeko aukera galdu dugu. Gaurkoa egun oso zaila izan da, eta lehen postua lortzea oso pozgarria da».
Podiuma osatzen bigarrenak, berriz, Gernika Racing Elkarteko Ivan Muñoz gernikarra eta Hodei Madariaga ajangiztarra izan dira Citroen C2 R2 max autoagaz. Busturialdeko lehen sailkatuek 01.07.32ko denbora behar izan dituzte lasterketa amaitzeko. «Rally honetan estreinako parte hartu dugu. Bidea oso egoera eskasean egon da, batez ere, euriagatik. Arriskatu egin gara, eta euritarako gurpilekin lehiatu dugu. Azken aurreko zatian lasterketa irabazteko aukerak izan ditugu. Hiru auto 15 segundoren barruan joan gara, baina errepidetik atera gara, eta denbora nahikoa galdu dugu. Podiumari eutsi nahi izan diogu, eta azken kilometroak gogor joan gara».
Eta hirugarren postua Esko Motor taldeko Gorka Idigorasek eta Andoni Perez de Villarrealek lortu dute Renault Clio Sport autogaz. 01.07.39ko denbora behar izan dute rallya amaitzeko.
Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola sailkapen nagusiko lehenak izan baldin badira ere, ez dira izan lasterketako azkarrenak. Segundo erdigatik, Durangalde Racing taldeko Ekain Eizagaetxebarria eta Onintze Lonbideren Mitsubishi Lancer V autoa izan da Etxebarriko Galartza auzoko helmugan sartzen lehena.
01.06.21eko marka lortu dute, baina autoaren kategoria dela eta, ez dute Euskal Herriko txapelketan puntuatzen. «Estreinako egin dugun lasterketa izan da gaurkoa, eta helmugan lehen postuan sartzea pozgarria da. Nahikoa mantso hasi gara, eta azken zatian, azkarrago ibili gara denbora onena lortzeko».
Balorazio ona
Eskualdeko lehenengoen saria Hamaika Taldeko Ander Txakartegik eta Alexander Maguregik lortu dute. Berriatuko pilotuak eta Markina-Xemeingo kopilotuak zortzigarren postua lortu dute sailkapen nagusian, Citroen Saxo VTS 16v autogaz.
01.11.13ko denbora behar izan zuten lasterketa amaitzeko. «Lehenengo zatian lasteketako oharrak etxean ahaztuta ibili gara, eta hantxe nahikoa denbora galdu dugu. Bigarren zatian, berriz, oso denbora ona egin dugu, eta hurrengoetan lortutako postu onari eusten joan gara».
Kastinparro taldeko kideek lasterketari buruzko balorazio ona egin dute. «Dena ondo joan da. Zatirik kritikoena goiza izan da, baina, hala ere, aurretiaz ezarritako ordutegiak mantentzea lortu dugu. Golpe asko-eta egoten direnean, zaila izaten da ordutegiak mantentzea, baina hori lortu da, behintzat, eta alde horretatik ere pozik gaude».
Azpimarratu dutenez, lasterketa oso gorabeheratsua izan zen. Eta euriaren eraginez, lasterketa utzi behar izan zuten askok. «64 autok hasi dute lasterketa, eta erdiak baino zer edo zer gehiagok amaitu dute. Rally gogorra izan da, eta eguraldiak ere ez du lagundu. Ibilbidean zehar potzu asko egon dira, eta, batez ere, goiza izan da eguneko tarterik konplikatuena. Zati batzuetan olioa ere egon da, eta hori dela eta, ibilbideko bi zati, hirugarrena eta laugarrena, bertan behera uztea erabaki dugu segurtasunagatik».
Lea-Artibaiko pilotu eta kopilotuentzat, oro har, egun «beltza» izan zen zapatukoa. Oso gutxik lortu zuten helmugara heltzea. Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik motorra apurtu zuten, eta Txus Jaiok eta Jesus Urkidik abiadura aldagailua apurtuta utzi zuten lasterketa.
Istripurik nabarmenetako bat Aitor eta Mireia Saizar berriatuarrena izan zen, Gizaburuaga-Ispaster, hirugarren zatian. Suzuki Swift-aren motorra hautsi zitzaien Antxustegiri eta Urrestiri lasterketaburu zirela, eta haiek errepidean lagatako olioagaz irrist eginda, kolpe handia hartu zuten Saizartarrek. Ospitalera eraman zituzten, zamako minagaz. «Ordura arte oso gustura joan ginen, eta autoak ez zuen gauza arrarorik egin, baina, bat-batean, motorra apurtu zen, eta olioa galdu zuela konturatu ginen. Abisatzen ari ginela, atzetik zetozen Aitor Saizarrek eta Mireia Saizarrek gure autoaren aurka talka egin zuten. Segurtasunagatik zati hori ez egitea erabaki genuen», azaldu du Xabat Urrestik.