Oihane Perez arrolapetarrak irabazi du Bizkaia Kopa Trailaren bigarren proba
Atzo Lemoizen lehiatu zuten bigarren proba, eta gernikarrak bi ordu, hamar minutu eta 25 segundotan burutu zuen 20 kilometroko traila. Trail Team Bizkaiako Lorena Guinaldo sailkatu zen bigarren, Perezengandik bost minutu eta 23 segundora. Egurre K3 taldeko Ainhoa Garnika helmugaratu zen hirugarren, bi ordu, 23 minutu eta 46 segundoko denboragaz.
Gizonezkoen trail luzeko garailea Hanot Etxebarria izan zen. Trail Team Bizkaiko korrikalariak ordu bete, 43 minutu eta hemeretzi segundoko marka ezarri zuen. Alde estuagoa egon zen mutiletan. Izan ere, bere atzetik minutu bat eta hamar segundora sailkatu zen Sondikako kirol taldeko Mikel Monasterio. Etxebarriaren taldekide Imanol Egiak osatu zuen podiuma; irabazlearengandik bi minutura heldu zen helmugara.
Bestalde, Basati taldeko ordezkaritza egon zen mendi bizikleta proban, tartean Javi Goitia irabazlea. Gernikarrak hamar segundoko aldeagaz irabazi zion Aitor Muguruza bigarren sailkatuari. Ordu bete, 25 minutu eta hamazazpi segundotan amaitu zuen Goitiak. Garri_Bikes taldeko Jose Garrido sailkatu zen hirugarren postuan, Goitiarengandik 38 segundora. Basatiko Antton Sanchez podiumetik hurbil geratu zen; Goitiak baino 58 segundo gehiago behar izan zituen proba amaitzeko. Halaber, Basatiko Egoitz Egiartea eta Lander Aretxederreta seigarren (01:28:41) eta zazpigarren (01:30:48) sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Bizkaia Kopa Trail
Martxoaren 18an Arrietan lehiatutako probagaz hasi zuten aurtengo Bizkaia Kopa Traila. Lemoizkoaren ostean, Morgan lehiatuko dute hurrengoa, maiatzaren 20an (domeka). Udako atsedenaldiaren aurretik, Loiun izango da laugarren proba, ekainaren 17an.
Irailaren 9an Trapagaranen lehiatuko dute bosgarren proba, urriaren 14an Zamudion izango da seigarrena, eta azaroaren 4an Lekeition lehiatuko dute azken aurreko proba. Abenduaren 16an Diman argituko da zeintzuk diren aurtengo Bizkaia Kopa Trailaren irabazleak.