LABek eskualdeko manifestazioak deitu ditu Maiatzaren Lehenerako
Pobreziaren eta beldurraren aurkako borroka aldarrikatuko du ELAk Bilbon. Herri mobilizaziorako deia egin dute Lekeitioko eragile sozial eta politikoekLan, Bizi, Herri Duina leloa zabalduko du LABek Markina-Xemein eta Gernika-Lumoko kaleetan Maiatzaren...
Pobreziaren eta beldurraren aurkako borroka aldarrikatuko du ELAk Bilbon. Herri mobilizaziorako deia egin dute Lekeitioko eragile sozial eta politikoek
Lan, Bizi, Herri Duina leloa zabalduko du LABek Markina-Xemein eta Gernika-Lumoko kaleetan Maiatzaren Lehenean. Azaldu dutenez, herritar orori lan eta bizitza duina bermatzea izan beharko luke herri baten eredu ekonomiko eta sozialaren helburu nagusia.Aldarrikapen laboral eta sozialen inguruan indarrak biltzeko garaia dela dio sindikatuak, eta lan esparruari dagokionez, lehentasun batzuk zerrendatu dituzte: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalaren ezabapena, enplegu publikoa sortu eta publifikazio prozesuak sustatzea, prekarizazio eta dualizazio formulak baztertzea, lanetik etxera bizirik eta osasuntsu bueltatzeko eskubidea eta euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea.
Eraldaketa sozialean aurrera egiteko, lan duina, bizi duina eta herri duina eraikitzeko, ezinbestekotzat jotzen dute burujabetza eskuratzea. «Ezinbestekoa da hemen erabakitzeko eskubidea bermatzea». Hori dela eta, langile, pentsionista, emakume, etorkin, gazte eta oro har herritar guztiak deitu dituzte 12:30ean Markina-Xemeingo Zelaitik eta Gernika-Lumoko udaletxetik irtengo diren manifestazioetan parte hartzera, «beste bizi eredu bat posible delako».
Herri mobilizazioa
Bilborako deia egin du, bestalde, ELA sindikatuak. Mugimendu feministak eta pentsiodunek kalera eraman duten «erreibindikazio oldea indartzeko» aukera gisa ikusten dute aurtengo Maiatzaren Lehena. Pobreziari gerra! Soberan inor ez leloagaz abiatuko da manifestazioa 11:45ean, Jesusen Bihotzetik.
Sindikatuak dioenez, krisiak eta erabaki politikoek beldurraren tirania areagotu egin dute. «Sistemak ustezko etsaiak gure klasearen baitan sortzen dizkigu: immigranteak, errefuxiatuak, gizarte prestazioak jasotzen dituztenak…». Pobreen arteko gerra piztu nahi dutela ohartarazi dute. «Enplegua dutenak langabezian daudenen aurka; aldi baterako kontratua dutenak finkoen aurka; lanaldi partziala-lanaldi osoa; arlo publikoa-arlo priba- tua; paperak dituzten migranteak eta ez dituztenak; prestazioak jasotzen dituztenak eta eskubiderik ez dutenak… Hori guztia langile klasea zatikatzeko politikan sartzen da».
Bestalde, lana gero eta prekarioagoa dela eta desberdintasuna areagotzen ari dela nabarmendu dute. «Aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa da. Enplegua izatea ez da jada bizitza duin bat izateko bermea. Langile pobreak gero eta gehiago dira». Hori dela eta, aurtengo Maiatzaren Lehenean pobreziaren aurkako borroka dute lehentasuna, bai eta bestearenganako beldurrari aurre egitea ere, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera bultzatzen ari den Herri Ekimen Legegilea ezinbesteko tresna bezala ikusten dute borroka hori irabazten hasteko.
Maiatzaren Lehenaren harira, mobilizaziorako deia egin dute bai eta Lekeitioko eragile sozial eta politiko desberdinek ere. Egunero eta modu desberdinetan bizi diren zapalkuntzak modu kolektiboan salatzea garrantzitsua dela uste dute, eta, beraz, Duintasunez bizitzeko Langile Elkartasuna! lelopean kalera ateratzeko deia luzatu diete herritarrei. Datorren astelehenean jarri dute herri mobilizaziorako hitzordua, 19:30ean, Mandaskan.
Bizi dugun kapitalismoa sistema suntzitzailea dela diote. «Bere helburua dirua eta kapitalen akumulazioa da, eta berrorek sortzen duen boterea izatea. Bide horretan dena dago libre: pertsonen, herrien nahiz naturaren esplotazioa da nagusi».
Baina azken hamarkadan sistema kapitalistak irabaziak areagotzen segitzeko zailtasunak eduki dituela diote. «Sistema honen kontrola duen klase burgesak nahiz beraien estatuetako aparatuek krisia deitu izan diote. Irabaziak etengabe handitzeko arazoekin aurkitu diren bakoitzean errezeta berarekin erantzun dute: sistema horren menpean gaudenon, langile klasearen bizi baldintzen okertzeagaz».
Lekeitio ere ez dago sistema horren dinamikatik kanpo. «Azken 30 urtean ia 900 lanpostu galdu dira, eta denbora tarte horretan etxe baten bizitzea lortzeko soldataren %8 behar izatetik %35 behar izatera pasatu da, eta hori 2.000 etxe hutsik egonda, ia etxe guztien %40».
Baina egunerokotasunaren erritmo «kriminalak» zapalkuntza horiei guztiei aurre egitea zaildu egiten duela uste dute. «Bakoitza bere zuloan norbere arazoei begira egotera eramaten gaitu konturatu ere egin barik, baldintza antzekoak bizi ditugunon arteko leiha bultzatuz».
Horregatik, zapalkuntzari modu kolektiboan erantzutea eta egoerari buelta emateko borrokak martxan ipintzea garrantzitsua dela uste dute, eta era berean, borroka hori saretu beharra ikusten dute. «Kapitalismoaren dinamika honen baitan gure gutxieneko bizi baldintzen aldeko borrokak batu eta eurak gaindituko dituen zapalduon arteko klase elkartasuna praktikara eramateko beharra daukagula uste dugu, elkar babeserako sare antolatu iraunkorren eraikuntza. Gure bizitzen antolakuntza kapitalismoaren lege eta baloreetatik urrunduko diren moduetan antolatu ahal izateko formen eraikuntza».
Migrazioa
Asteleheneko mobilizazioagaz bat egingo dutela adierazi dute Lekeitioko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformakoek, «neoliberalismo patriarkala delako pertsonen eskubideak zanpatzen dituena eta migrazioa sortzen duena».
Plataformak salatu duenez, migrazioa patriarkatu kapitalistak sortzen du, bere diru gose mugagabeak planeta eta pertsonak suntsitzeko inongo arazo barik negozioa egiteko. «Armen salmenta, erregai fosilen erauzketa eta nekazarien lurraldaketak monolaborantza praktikatzeko negozio horrek gerrak eta lurren berotzea sortzen dute, eta horrek pertsonak mugitzera derrigortzen ditu».
Paperik ez izateak pertsona migranteak lan esklabutzara eramaten dituela salatu du plataformak, eta inor ez dela ilegala azpimarratuz, langile guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzen dituzte.