Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketaren bigarren proba jokatu zuten Zierbenan, domekan. Apirilaren 7an Ondarroa eta Lekeitio artean lehiatu zuten
lehenengo proba, eta bi saioetako emaitzak batuta, Urtabi klubeko
Patxi Unda armintzarra da aurtengo Bizkaiko txapelduna.
Bizkaiko Txapelketa lehiatu dutenen artean, hamar sailkatu dira Euskadiko Txapelketara; Bizkaiko txapelduna eta beste lehen bederatzi sailkatuak. Horien artean daude, Bermeoko Izaro Sub taldeko Jon Mikel Bikandi durangarra,
Irkus Lopez de Abetxuko eatarra eta Lander Aurrekoetxea bermeotarra.
Euskadiko Txapelketa Orion lehiatuko dute
maiatzaren 12an eta 13an.
Patxi Unda armintzarra da Bizkaiko Txapelduna.
Undak 48.052 puntugaz irabazi du Bizkaiko Txapelketa; 26.313 puntu lortu zituen lehen jardunaldian, eta 21.739 puntu bigarrenean. Gainera, arrain handienari ematen zaion saria beretzat izan zen–lehenengo jardunaldian ere berak eskuratu zuen–. Getxo taldeko Sergio de Julian geratu da txapeldunorde, 41.811 puntugaz.
Izaro Sub-eko
Bikandi hirugarren sailkatu da, 39.832 puntugaz, eta haren
atzetik geratu da
Lopez de Abetxuko, 38.976 puntugaz.
Aurrekoetxea, berriz,
bederatzigarren sailkatu da, 26.379 puntu lortuta.
Zierbenako proban, Bizkaiko klubetako 27 arrantzale lau bat orduz aritu ziren arrainak harrapatzen. 09:00etan uretaratu, eta hego haize suabea, eta itsasoko baldintza onekin bete zuten proba. Lazunak, salpak, karraspioak, mokodunak, krabarrokak eta lupiak izan ziren arrantzatutako pieza handienak.
Bigarren proban, Olagarro taldeko Ivan Zamorak lortu zituen puntu gehien: 25.008. Hamalau arrain harrapatu zituen, Patxi Unda bigarren sailkatuak moduan. Izaro Sub-etik, bederatzi arrainekin Lopez de Abetxukok batu zituen puntu gehien Zierbenan: 14.904. Zazpigarren sailkatu zen eatarra. Aurrekoetxea bermeotarra bederatzigarren sailkatu zen, zazpi arrain eta 12.357 puntugaz. Bikandi, berriz, hamabigarren geratu zen, 11.363 puntugaz (zazpi arrain).