Helena Maleno eta Daniel Barenboimek jaso dituzte aurtengo Bakearen eta Berradiskidetzaren hamalaugarren Gernika Sariak. Lizeo Antzokian bonbardaketaren 81. urteurrena ospatzeko antolatutako egitarauaren baitan eman dira Gernika Sariak gaur goizean.
Azkenaldian egindako “memoriaren lanketak Gernika bakearen sinbolo” bihurtu duela esan du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, eta horregatik beste herrialdeetako bake prozesuetan lan egin behar dela gehitu du. “Munduan axolagabetasun eta gorroto asko dago, baita hospitalitate falta ere; errefuxatu, gerra eta gatazka lurraldeenganako interes falta asko dago gizartean”. Baina, desberdintasunak ez dituela “harresiak eraiki” behar, eta abegitsuak izateak “zubiak erakitzen” dituela adierazi du alkateak.
Helena Maleno eta Jose Maria Gorroño dantzariagaz Gernika Sariak
Jarraian, Helena Maleno giza eskubideen defendatzaile eta ekintzaileak jaso du aurtengo Gernika Saria. Berradiskidetzaren eta Bakearen alde egindako lana aitortu diote andaluziarrari; hain zuzen, komunitate migratzailearen alde nazioarte zein estatu mailan eginiko lanagatik. Batez ere, emakume eta adingabeen alde egindako borrokagatik saritu dute Maleno.
Giza eskubideen defendatzailea denak hainbat sari jaso dituela azaldu dute ekitaldian, baina, aldi berean, presioak eta mehatxuak jasan dituela salatu dute; jokabide “txarrak” izan dituzten erakundeen eta gizakien salerosketan aritzen diren taldeen aldetik jaso ditu horiek.
Jendaurrera ateratzean txalo artean hartu dute herritarrek Maleno, eta kazetaria hunkitzea lortu dute. Saria jaso bezain laster, atzo Espainia eta Maroko bitartean hondoratutako pertsonak gogora ekarri ditu, 34 pertsonatik 17 bizirik atera zirela adieraziz. “Estatu espainiarraren eta Marokoren arteko kolaborazioa momentukoa izango balitz, ezbehar hori saihestea posiblea izango zen”.
Helena Maleno hitzaldia ematen.
“Sari hau gaur egungo gizarteak salatzen duenaren ikurra da; mugen arteko gerraren aurkako sinboloa, beraz”, adierazi du Malenok, eta muga horietan “hildakoei eta horien familiei zuzendutako aitorpena” dela esan du. Mugan dauden herri horiek “Gernika-Lumoko herriak ondo ezagutzen duen prozesua” lantzen dabiltzala azaldu du Malenok, “egia, justizia eta ordaina” bilatzeko lanean dabiltzala arrazoituz.
Azkenik, epaimahaiaren “ausardia” goraipatu du giza eskubideen defendatzaileak, ausardia horrek “borrokan jarraitzeko gogoa” ematen diola esanez. Gainera, beragaz batera mugan lan egiten duten emakumeengatik borrokatzen jarraituko duela adierazi du, “bizitzak beti irabazten duelako”.
Bigarren saria. Daniel Barenboim ospa handiko musikari eta orkestra zuzendari israeladarra ere saritu dute ekitaldian; baina, ez da presente egon. “Alemanian kontzertua eman behar zuela” adierazi dute antolatzaileek, eta bere berbetan “ez duela ordezkorik bidali nahi izan, berak ahal duenean etortzeko asmoa duelako” azaldu dute.
Hala ere, bere lana azpimarratu dute ekitaldian, eta “bere musikagatik, bakearen aldeko konpromisoagatik, eta ondare kulturala eta artea bultzatzeagatik” jaso duela saria esan dute.
Argazki galeria ikusteko sakatu
hemen.