Errefuxiatuek harrera egin diote Helena Malenori
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek eta errefuxiatuek beraiek harrera egin diote giza eskubideen defendatzaile eta ekintzaile den Helena Malenori.
Bakearen eta Berradiskidetzaren sariak jasotzera joan baino ordu laurden lehenago batu da Maleno errefuxiatuekin. Bertan, Bermeon bizi den Madi senegaldarragaz “berriz besarkatu” du. Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak jakinarazi duenez, joan den urteko urriaren 10an, “oso egoera latzean” elkar ezagutu ziren.
Marokotik Espainiara patera batean bidaiatu zuela Madik azaldu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek, eta helmugarako 14 kilometro falta zirenean arazoak izan zituztela gehitu dute. Hori horrela, Malenorekin kontaktuan jarri zen Madi, eta Itsas Salbamenduagaz batera helikopteroz beraien bila joan zen Maleno. Orduan elkar ezagutu ziren, eta gaur, berriro besarkatu dira.
Momentu hunkigarria izan da Helena Maleno errefuxiatuekin elkartu denekoa, Malenok errefuxiatuen eskubideen alde egiten duela argi utzi duena. Harrerara gainera, Alemaniatik etorritako abesbatza gehitu da, eta errefuxiatuekin batera, zenbait abesti kantatu dituzte kalean, herritarrak inguratzen zituzten bitartean.
Protesta. Malenori harrera egiteaz gain, errefuxiatuen eskubideak defendatzeaz arduratu dire bertaratutakoak. Izan ere, beste oihuen artean eta errefuxiatuekin batera “ongi etorri errefuxiatuak”, “inor ez da ilegala” edota “eskubide guztiak, denontzat” esaldiak nabarmendu dira.