Betebeharrak indibidualki edo elkarlana burutuz egin daitezke, eta askotan nola landu erabakitzea ez da hausnarketa erraza izaten. Hala ere, talde lanagaz osotasunaren alde egiten da, emaitza bikainak lortzera helduz. Hori da, hain zuzen, San Fidel ikastolako ikasleek lortutakoa.
Gernika-Lumon 1937ko apirilaren 26an gertatutakoagaz lotura zuzena duten antzerki, dokumental zein film asko egin dira urteen joanean, baina seigarren mailako ikasleek pastorala gauzatu dute oraingoan.
Euskal zaletasuna bultzatzea helburu duen Loraldia jaialdian aurkeztu zuten joan den hilabetean pastorala; irail hasieratik prestatu dutena. “Iaz udal eskola proiektuagaz hasi ziren Loraldia elkartekoak, eta pastoral formatuko ikuskizuna egitea proposatu ziguten. Guk baiezkoa eman genien, bertsolaritza eta antzerkigintza sustatzen genituela kontuan hartuta”, azaldu du pastorala antolatzeaz arduratu den Rakel Etxeandia ikastolako irakasleak.
San Fidel ikastolako ikasleak Loraldian. Argazkia: David Herranz
Horrela, Loraldiak planteatutako “ibilbide sortzaile” bategaz landu zituzten pastoralaren nondik norakoak ikasleek, zazpi hilabetean. “Loraldiak tailer modura antolatutako jardueretan produkzio lana nola egin ikasi zuten ikasleek”, aitortu du Etxeandiak.
Sorkuntza lana helburu duen ibilbidearen hasiera horretan aukeratu behar izan zuten pastoralean antzeztuko zuten gaia San Fidel ikastolakoek, eta hala egin zuten. “Gai ezberdinez osatutako zerrenda egin eta gero, Gernikako bonbardaketaren gaia antzeztea erabaki zuten ikasleek”. Herrian 37. urtean bi bandoen arteko gatazka plazaratzeko gai egokia iritzi zitzaien ikasleei bonbardaketa. Eta “Gernikarrak” izateak eta bonbardaketaren eguna “gertu” sentitzeak aukeraketan eragina izan zuela aitortu du irakasleak.
Horregatik, “gertutasuna agertzen zuen, eta oso tragikoa ez zen pastorala” egin nahi zutela azaldu du Etxeandiak. Xabier Paya bertsolariak gidoia idatzi aurretik, beragaz adostu zituzten puntuak. “Payak berak istorioko gertaerak idatzi zituen, hala ere, gainerako bertsoak ikasleek idatzitakoak dira”. Bertsolariak gidoia idatzi eta gero, tailerretan eskuratutako sorkuntza lana praktikan jarri zuten.
Gainera, sorkuntza lan hori “egokia” eta “gertatutakoan oinarritutakoa” izan zedin, bonbardaketari buruzko “dokumentazio lana” gauzatu zuten: “Bonbardaketaren lekukoa izan zen irakasle ohi baten bisita ere izan zuten gazteek, testuingurua hobeto uler zezaten”.
1937ko apirilaren 26an tropa frankistek Gernika-Lumoko herria bonbardatu zutela antzezteaz gain, egun horren aurreko eta osteko egunak ere abestu eta dantzatu zituzten ikasleek Bilboko Azkuna Zentroan.
“Alde frankista eta errepublikarraren arteko lehia erakusten du pastoralak; alde frankistan Francisco deitzen den fikziozko pertsonaia eta Josefina Omaetxebarria benetan bizi zen emakumearen erabakiak agertuz. Alde errepublikarrean, berriz, Labauria, Arronategi eta Steer kazetaria dira protagonistak”.
Hain zuzen, Gernika-Lumoko alkate izandako Jose de Labauriak “udaletxean ikurrina jartzen duen eszenagaz hasten da pastorala”, adierazi du Etxeandiak; bukatu, berriz, “gertatutakoaren egiaren zabalkundeagaz”.
Pastoralean antzeztutako eszena bat. Argazkia: david Herranz
Sentsazio onak. Loraldian bonbardaketaren pastorala antzeztea «benetan hunkigarria eta lan askoren emaitza bikaina» izan zela adierazi du irakasleak: “Hasieran urduritasuna nagusitu zen, baina benetan ikusteko emaitza lortu zuten ikasleek”.
Orain, bonbardaketaren 81. urteurrena gero eta gertuago dagoela ikusita, herrian ikuskizuna “plazaratzea” gustatuko litzaiekela adierazi du Etxeandiak: “Nola edo hala, apirileko egitaraua itxita dagoenez, maiatz inguruan antzeztea gustatuko litzaiaguke”.
Talde lanaren emaitza izan zen Loraldia jaialdian aurkeztutakoa, “talde antolatuarena” irakasleren berbetan. “Gidoilari lanetan aritu zirenen, antzezleen, eszenografikoen zein atrezzo eta bestelako betebeharrak izan zituzten ikasle eta irakasle taldearen emaitza izan da pastorala”.