Hamabi bikotek jokatuko dute Mutrikuko pala txapelketa
Mutrikuko neska palistak elkarteak antolatutako eta Mutrikuko Udalak lagundutako Mutrikuko I. Nesken Binakako Pala Txapelketa Azkarra etzi jokatuko da, Miruaitz frontoian. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, hamabi bikotek eman dute izena.Estreinako ...
Estreinako txapelketan hamabi bikote batu izana pozgarria dela adierazi dute antolatzaileek. «Txapelketan antolatzen den lehendabiziko urtean hainbeste jende batzea sekulako arrakasta dela deritzogu». Jatorriari dagokionez, beste alde batetik, Mutrikuko palistez gain, beste hainbat tokitakoek ere parte hartuko dute txapelketan; Ondarroakoek, Debakoek, Azkoitikoek, Elgoibarkoek edota Zizurkilgoek, esate baterako.
10:30ean hasiko da txapelketa, baina aurretik, bikoteak osatzeko zozketa egingo dute. «Bikoteak ez dira izena eman duten ordenan osatuko, egunaren hasieran egingo den zozketa bidez baino». Eta zozketa egin ondoren, kinielak jokatu dituzte amerikar erara, seina bikoteko bi multzotan banatuta.
Launa kiniela
14:00ak arte jokatuko dira kanporaketak, eta antolatzaileek iragarri dutenez, bikoteek amerikar erako launa kiniela jokatuko dituzte, 15 tantora. «Horren arabera, sailkapen nagusi bat egingo dute batetik hamabira. Multzo bakoitzetik hiru bikote zuzenean pasako dira final-laurdenetara, eta laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatu direnek, berriz, bigarren aukera bat izango dute. Hortik beste bi bikotek lortuko dute hurrengo faserako txartela. Horrela, zortzi bikotek jokatuko dute final laurdena».
Sailkapen kinielak jokatu eta gero, frontoiko tabernan egingo den bazkaritan batuko dira parte hartzaile guztiak. 16:00etatik aurrera, berriz, bigarren aukera daukatenen ligaxka, final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dira.