24 orduko berrikuntza tailerra egingo dute bihar Gernika-Lumoko institutuan
Biharko 17:00etatik zapatuko 17:00etara 84 gaztek erronka teknologiko bati aurre egingo die Gernika-Lumoko institutuan. Euskadi B24 deritzan topaketa lehenengoz egingo dute.
B24 proiektuak gazteen sormen lana, berrikuntza, ekintzailetza eta elkarlana sustatzea du helburu. Gainera, teknologia eta zientziarekiko interesa piztu gura du parte hartuko duten 12 eta 18 urte bitarteko gazteengan. Proiektu honegaz gainera, “lan munduko” beharrizanetara hurbilduko direla parte hartzaileak adierazi du Euskal Herriko Telekomunikazio Ingenieritza elkarteak.
Maier, Tecnalia Ventures, C2B, Eder Aurre diseinatzailea, Lions Club International eta Euskal Herriko Telekomunikazio Ingenieritza elkartea dira jardunaldian parte hartuko duten eragileak. Hauek gazteei erronka desberdinak proposatuko dizkie, eta ikasleek 24 ordutan landu beharko dute proba. Epaimahai profesional baten aurrean aurkeztu beharko dituzte lortutako emaitzak. Zaloa Campillo Bilboko Ingenieritza Eskolako zuzendariak “antolakuntzak aholkulariak” bertan izango direla adierazi du. “Epaimahai profesionalak baloratuko ditu lanak; ikasleen ikuspuntu enpresariala, erronkaren aurkezpena eta marketin estrategia hartuko dituzte kontutan”.
Gernika-Lumoko institutua gune ezberdinetan banatuta egongo da; sukaldea, atseden lekua eta denbora pasarako tokia egongo dira besteak beste.
Ikasketa teknologikoak. Alvaro Ubierna EHUko Telekomunikazio Ingenieritzako dekanoak lana bilatzeko momentuan “teknologia berritzaileetan trebatua izatea gero eta garrantzitsuagoa” dela adierazi du. Gainera, gazteak “ekintzaile” izatea mesedegarria dela esan.
EHUko ingenieritza eskolako azken datuen arabera, teknologia arloko ikasketak bururtzen dituzten gazteek bestelako ikasketak egin dituztenak baino lehenago aurkitzen dutela lana erakusten dute. Gaur egun, teknologia arloko ikasketak egin dituzten %95 baitaude lanean. Hori horrela, “beharrezkotzat” ikusten du Euskal Herriko Telekomunikazio Ingenieritza elkarteak, biharkoa bezalako ekimenak sustatzea.