'Guernica Gernikara Mugimendua' berpiztu gura dute elkarteek
Gernikako Bonbardaketaren 81. urteurreneko ekitaldien barruan, Guernica Gernikara 2018 ekimenari buruz hausnartzeko batu ziren herriko hainbat elkarte astelehen iluntzean Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan.
Urteko lehenengo topaketa honetan, Picassoren lana Gernika-Lumora hurbiltzeari buruz mintzatu ziren, eta beste bilera bat egitea erabaki zuten. Elkarte bakoitzak Guernica Gernikara aldarriagaz zer egin nahi duen azaltzera, eta proposamenak egitera bideratutako bilera izango da maiatzean egitea espero duten bigarren batzarra. Asteleheneko bileran hausnarketa landu zuten legez, bigarrenean ideien bilduma egingo dute.
Memoria historikoaren lanketa egiten duten talde ezberdinak bildu ziren, eta “denboran jarraipena” izan duen aldarria dela Guernica Gernikara ekimena azaldu zuten. Hala ere, “ez dugu beste batzar soil bat izatea nahi, jarraipena eman nahi diogu aldarriari” aldarrikatu zuten: “Badakigu zaila dela, baina indarra eman nahi diogu”.
Bertaratutakoak 2018. urtean Picassok margoztutako lana Gernika-Lumora hurbiltzeak “merezi” duen edo ez, eta Guernicaren “funtsa” zein denari buruz aritu ziren. Gainera, koadroaren lanketa “gero eta teknikoagoa, eta historia gutxiagokoa” dela salatu zuten.
Eragile ezberdinetako kideak bildu ziren bertan, eta bizipen kontakizunen lekua bihurtu zuten Elai-Alai aretoa. Izan ere, bakoitzak gaiaren inguruko hausnarketa desberdina plazaratu zuen. Hala ere, guztiak bat datoz Guernica koadroaren esanahia “balorean jarri” behar denaren ideiagaz.
“Koadroa eta herria binomioa dira; bata margolana, eta bestea memoriaren lekua”, azaldu zuen bertaratutako kide batek.
“Guernica munduko memoria da, ez soilik herriarena”, aitortu zuen, Siriako gatazka aipatuz. Horren harira, koadroaren “lekualdaketa posiblearen” ideia plazaratu zuen bertan bildutako elkarteetako kide batek. Bere ustez, “koadroa gatazka dagoen herrialdeetan denbora batez egon beharko zen”.
Hala ere, bertaratutako gehienek, herrian edo inguruetan koadroa izan nahi zutela jakinarazi zuten: “Picassok Gernikan egon zedin margotu zuen, ez Madrilgo museo monarkikoan egoteko”.
“Madrilen ez du sentimendurik eragiten koadroak” gehitu zuten. Madril “kontsumoagaz”, eta Gernika “memoriagaz” lotu zuten bertaratutakoek, “Espainiako hiriburuak dirua” helburu duela argudiatuz.
Sentimenduaren garrantzia azpimarratuz, eta historiari erreparatuz, margolana hurbiltzearen beharra ikusi zuten batzarrean. Hori horrela, margonala herrira “ekartzeko” publizitate kanpaina bat egitearen ideia ere plazaratu zen; sentimenduak erabiliz osatutako bideoa.
Herriaren garrantzia. “Bakoitzak bere arrazoia zein den pentsatu behar du”, esan zuten bertaratutakoek Guernica Gernikara hurbiltzeko arrazoiei buruz hitz egin zutenean.
Hala ere, gero eta gutxiago entzuten den aldarria dela onartu zuten, eta horren aurrean, herria “piztu” behar zela azpimarratu zuten; herritarren indarra eta gogoari garrantzia emanez. “Herria suspertu, emozionatu egin behar da lehenengo, eta gero nora joan erabaki”, adierazi zuen hurbildutako herritar batek. Horretarako, “lanketa sakona” egitea “beharrezkoa” dela badakite.
Bigarren batzarrean elkarteek “zer eta nola” landu nahi duten proposatzeaz, eta koadroari eman nahi zaion balioaz hitz egiteaz gain, herritarrak nola “berpiztu” daitezkeen proposatuko dute. Izan ere, norbanakoek beraien “arrazoi propioak” edukitzea nahi dute.