VII. Lea-Artibai Rallyko tarteak iragarri ditu aurten Kastinparrok
Errekonozimendu egunetik kanpo ibilbideetan harrapatzen dutena zigortuko dute. Rallyaren hasiera ofiziala Lekeition egingo da, apirilaren 27anBerritasunez beteta dator VII. Lea-Artibai Rallya, euretako nagusiena parte hartzaileek egin beharreko tarteak...
Errekonozimendu egunetik kanpo ibilbideetan harrapatzen dutena zigortuko dute. Rallyaren hasiera ofiziala Lekeition egingo da, apirilaren 27an
Berritasunez beteta dator VII. Lea-Artibai Rallya, euretako nagusiena parte hartzaileek egin beharreko tarteak hilabete aurretik jakitera ematea izan da. Probaren antolatzaile Kastinparro Racing Taldeak beste era batera lan egin nahi izan du aurten. Orain arteko rallyetan isilpean gorde izan dituzte ibilbideak; oraingoan, berriz, ezagutzera eman dituzte, eta horrela, errekonozimendu egun eta orduetatik kanpo tarteetan harrapatzen dutena zigortu egingo dute.Hala, aurtengo tarteak ezagutzera emateko, aurkezpen ekitaldia egin zuen Kastinparrok martxoaren 28an Markina-Xemeingo udaletxean. Gorka Antxustegi Kastinparro Racing taldeko kideak, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakariak eta Oier Gonzalez lasterketa zuzendariak eman zuten rallyaren berri. Azaldu zutenez, apirilaren 27an egingo dituzte parte hartzaileek egiaztapen administratibo eta teknikoak; Sportech-ek Markina-Xemeinen duen bulegoan lehenak, eta Etxebarrian bigarrenak.
Zazpigarren rallyko beste berrikuntzetako bat irteera ekitaldia izango da. Rallyaren hasiera ofiziala Lekeition egingo da, apirilaren 27an, 20:30ean, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, 18:00ak inguruan hasiko dira lasterketako autoak Lekeitiora hurbiltzen. Guztiak egongo dira, gero, udaletxe aurreko plazan ikusgai, aurkezpenera arte.
Urtero bezala, rallyaren aurkezpena egin ondoren, autoak banan-banan igaroko dira plazan prestatuko duten podiumetik, eta ikusleek parte hartzaileak ezagutzeko aukera izango dute.
Ibilgailu guztiak podiumetik pasatu ondoren, Markina-Xemeinera abiatuko dira bertan gaua pasatzeko. Biharamunean hasiko da rallya Gizaburuagatik.
Lau tarte
Guztira, neurtutako ia 100 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek lau tartetan banatuta. Ohi modura, ia tarte guztietatik bi bider pasatuko dira autoak, baina, aurten, hirgarren atal bat gehitu dute antolatzaileek «rallya borobiltzeko», eta Eibar eta Etxebarria arteko tartea hiru bider egin beharko dute.
Lehenengo tartea Gizaburuaga eta Ispaster artekoa izango da. Estreinako, Gizaburuagako Okamikako industrigunea izango da abiapuntua, eta handik irtenda baserri bideetan zehar abiatuko dira autoak Ispasterreraino. «Ibilbide berri hori bide estuetan barrena egingo da batez ere, eta, beraz, ikuskizuna eskaintzeagaz gain, auto txikiek handiei aurre egiteko moduko ibilbidea izango da», azaldu dute antolatzaileek. 08:44an hasiko dira autoak martxan, eta tarte hori eginda, Lekeitiora abiatuko dira bigarrenari ekiteko. Errepidea, berriz, 07:45etik 13:00etara itxita egongo dela aurreratu dute.
Lekeitio-Mendexa-Ondarroa tartea izango da parte hartzaileek egin beharreko bigarrena. Lea-Artibaiko Rallyaren tarte klasikoa da kostako ibilbidea, urtero pasatu da rallya handik. Aurten, baina, luzeagoa izango dela azaldu dute antolatzaileek. «Tarteari hasiera Mendexara bidean emango zaio, azken etxeen inguruan». Errepidea 08:15etik 13:30era egongo da itxita.
Aldaketarik izango ez duena Eibar eta Etxebarria arteko tartea izango da. Ibilbidea bere horretan mantentzea erabaki dutela azaldu dute antolatzaileek, Arrate bidean hasi eta Etxebarriko sarreraino. Urtero bezala, ikusleek gozatu dezaten, amaiera berezia prestatuko dute Galartza industrigunean. Errepidea 14:20tik 21:15era egongo da itxita.
Munitibar, Ziortza-Bolibar eta Trabakua lotzen dituen tartea izango da laugarrena. Oro har ibilbidea mantentzea erabaki dute, baina beste puntu bat gehitu diote bideari. «Autoak, Gontzugarain ezkerrera hartu eta Ziortza-Bolibarko Gerrika eta Zeinka auzoetatik igaroko dira herrigunera jaitsi eta Trabakura arte Oiz azpitik abiatzeko». Errepide hori 15:30etik 20:30era itxiko dute.
Tarterik tarte elkartu egingo dira autoak. Etxebarrian, Ondarroan eta Aulestin izango dituzte berrelkartzeko guneak. Asistentzien gunea, bestalde, Etxebarriko Galartza Industrigunean egongo da, beste behin ere, eta parte hartzaileek bertan izango dute ibilgailuak puntuan jartzeko gune bakarra. «Erlojuz neurtutako tarte guztiak amaituta, Etxebarrian egingo da sari banaketa, 21:30 inguruan».
Apirilaren 20ra arte egongo da zabalik urteko lehenengo rallyan parte hartzeko aukera, eta 22an entrenamenduak egin ahalko dituzte partaideek.