Urdaibaietz elkarteak batzar irekiak deitu ditu
Eskualdeko kultura eta naturaren defentsarako sortutako Urdaibaietz herri plataformak batzar irekiak deitu ditu hurrengo bi astelehenetarako.
Martxoaren 26an bildu ziren lehen aldiz eskualdean ematen ari diren aldaketez hitz egiteko. 11 herritako 30 pertsona inguru bildu ziren lehen batzarrean, eta Alfonso Caño Urdaibaietz plataformako kideak «genero ikuspegi zein adin tarte pluraleko jendea» bildu zela adierazi du.
Guggenheim eraikina Busturialdean eraikitzeko asmoa planteatu zelako sortu zen Urdaibaietz herri plataforma berriz biltzearen erabakia. Horren inguruan, eta bestelako “gaiak baztertu barik” eztabaidatu zuten martxoaren bukaeran egindako batzarrean.
“Jendeari hitza eman nahi diogu batzar irekietan, herritarren iritzia zein den jakiteko”, esan du Cañok. “Lurraldetasuna kontuan hartuta, erabakien inpaktua zein izango den ikusi behar da, hitz egin eta eztabaidatu. Baloratu egin behar dira alde guztiak, turismoaren eta bestelako gaien kudeaketa egokia egitea bultzatzeko”.
“Politikoek duten interesen jokoaren aurka gaude, diru publikoagaz interes pribatuak egitearen kontra”, adierazi du Cañok.
Plataformako kideak berak, berak, politikoki hartzen diren erabakiak ekologikoki eta ekonomikoki jasangarriak, eta sozialki bidezkoak izan behar zirela defendatu zuen batzarrean. “Nazkatuta gaude, Urdaibaitik kanpo hartzen diren Urdaibaiko erabakiez”, aitortu du, eta “ez duela horrelako erabakiez etekinik espero” adierazi.
Batzar irekian gainera, denetariko gaiak landu zituzten; herri ezberdinetako jendea batu izanak, herri ezberdinetako kexkak plazaratzea ekarri zuelako Cañoren iritziz. Bereziki turismoari lotutakoak gaiak landu ziren.
Aldundiak Gaztelugatxen egingo dituen obren harira, turismo jasangarrirako munduko gutuna aldundiak sinatzeaz, ekonomia lokalaz eta zenbait erabakiren inpaktu ekologikoaz aritu ziren besteak beste lehenengo batzarrean.
Lanpostu duinak sorraraztearen eta berdintasunaren alde agertzen dira plataformako kideak, baina ez dela hori bultzatzeko “lanik” egiten adierazi du Cañok. “Datuez gain, datuen kalitatea baloratu nahi dugu”.
Proposamenak. Eztabaidatzeaz gain, lehen batzarrean proposamenak egin zituztela jakinarazi du Cañok; batez ere turismoagaz lotutako erabakiak hartu zirela.
Komunikatu bat ateratzea erabaki zuten , beraien ustez “jasangarriak ez diren” proiektuak salatzeko eta “beste jokaera bat” bultzatzeko. Bestelako proposamenak izan ziren arren, oraindik horiekin zer egin “ez dutela erabaki” aitortu du Cañok.
Asteleheneko hurrengo batzarra 19:30ean egingo dute Astran, eta denetariko gaiak landuko dituzte.