Giza katea prestatzeko ekintzekin jarraitzen dute Busturialdean
Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen 201,9 kilometroko giza kate erraldoia buruan, motorrak berotzen hasita dira Busturialdeko Gure Esku Dago dinamikako kideak. Duela lau urte modura, erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko 100.000 lagun beharko dira eskuz esku eta arrazoiez betetako zapiekin. Eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena arrakastatsua izan dadin lanean hasita, hainbat zita zehaztu dituzte hurrengo egunotan.
Morgan, esaterako, giza katearen nondik norakoak azalduko dituzte gaur [apirilak 13], 19:00etan kultur etxean. Mundakan, berriz, giza katerako saretzeko aukera egongo da Goiko kalean (euria eginez gero, plazan) etzi [apirilak 15]. Autobuserako txartelak, zapiak eta kamisetak saltzen ere egongo dira.
Bestalde, Elkarrekin together film dokumentala Muruetara iritsiko da gaur, 18:30ean. Udalbarri aretoan (Herriko tabernaren alboan) egingo da dokumentalaren proiekzioa. Ean, ostera, Zergatik erabaki? mahai inguru zikloaren aurkezpena egingo dute etzi, 11:00etan, Eskolondon.