Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak
harrera egin die gaur Espainiako Senatuko Justizia Batzordeko senatariei Gernika-Lumoko Batzarretxean. Manuel Guillermo Altava Lavall Espainiako Senatuko Justizia Batzordeko presidentea buru dela sartu dira Batzarretxean, eta Otaduik bisita gidatua egin die Foru egoitzako barrunbe nagusiak bisitatuz.
Justizia Batzordeko
hamazazpi senatari hurbildu dira Gernika-Lumora; Miren Gorrotxategi eta Jon Iñarritu izan dira euskal senatariak. Horiez gain, Espainiako Senatuko Justizia Batzordeko letraduna eta Gai Aldeaniztunen Arloko administratzailea hurbildu dira.
Batzarretxea “Euskadiko historian leku garrantzitsua” izan dela azpimarratu die Otaduik senatariei goizeko ekitaldian, eta “mundu osotik etorritako bisita insitituzional” asko jaso dituela gehitu du. Lurraldeko “foru erregimena eusten duen lekuaren” oinarriak ezagutarazteko, Batzarretxearen, Gernikako Arbolaren, eta arbasoaren inguruko azalpenak eman dizkie Otaduik senatariei.
Senatuko kideak
Bisita gidatuaren hasieran gainera, Gernika-Lumo eta Batzarretxearen inguruko bideoa ikusi dute bisitariek, eta Otaduiren azalpenak eta gero, Batzarretxeko liburutegira joan dira mintegiagaz hastera.
Bertan, Espainiako Justizia Batzordeko senatariek eskubide historikoei eta Kontzertu Ekonomikoari buruzko mintegian parte hartu dute. Ana Otadui izan da mintegia hasi duena, eta eskualdeko lekuak azaldu ondoren, “Franko jeneralaren aginduetara aritu ziren Condor Legioak eta Italiako Abiazioko Legionarioak” Gernika bonbardatu zuten eguna gogorarazi du: «Bonbardaketaren ezbeharra igaro ostean, Gernika-Lumoko herriak bakearen eta elkarlanaren sinbolo izan nahi du».
Biktimen, bonbardaketa beraren, eta “osteko gezur bonbardaketaren” inguruan ere aritu da presidentea: «Zortzi hamarkada igaro direnean, egia, aitorpena eta justizia beharrezkoak dira; berriro inoiz errepikatu behar ez denaren adibide izateko».
Gainera, bere harrera hitzaldian, Kontzertu Ekonomikoa “akordioan eta aldebikotasunean oinarritutako finantza arloko tresna” dela gaineratu du Otaduik. Horren harira, Batzar Nagusien “beharraz” aritu da presidentea, eta “iragan demokratikoagaz harro” dagoela aitortu du. “Autogobernuan oinarritutako etorkizunean eragiteko prest nago”, gaineratuz.
Bertan zeuden erkidegoetako ordezkariek “gure berezitasuna eta Konstituzioak onartzen dituen eskubide historikoak” ulertzea gustatuko litzaiokeela adierazi du Otaduik.
Presidentearen ostean, Gregorio Monreal Gipuzkoako senatari izandakoa aritu da, eta Eskubide Historikoei buruzko ikuspegi juridiko instituzionala eman du. Gero, Maite Ibañez historialariak eta Begoña Atin kazetariak zuzendutako
Por derecho propio dokumentala ikusi dute senatariek.
Ana Otadui azalpenak ematen Espainiako Senatuko kideei.
Hitzaldiak. Jardunaldiak eguerdian jarraitu du Susana Serrano EHUko Finantza eta Tributu Zuzenbide irakaslearen hitzaldiagaz. Ondoren, Iñaki Alonso Arce Bizkaiko Foru Ogasuneko Zuzendariordea Kontzertu?Ekonomikoaren eta zergen inguruan aritu da. Azkenik, mintegiari bukaera emoteko, Itziar Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuordeak Kontzertu Ekonomikoaren arlo finantziarioa jorratu du.
Itziar Agirrek azaldu modura, bere asmoa “etorritako Espainiako senatariei ikuspuntu tekniko batetik eta legean oinarrituta, kupoaren kalkuluaren inguruko argibideak ematea” izan da; kupoa eta bere xehetasunak “ezagutarazi” dizkie senatariei.
Kontzertu Ekonomikoaren kupoari dagokionez, kupoa kalkulatzeko “sistema arduratsua” erabiltzen dela uste du: “Sistema arduratsua da gurea, egoera oker baten aurrean Estatuaren laguntza jasotzeko aukerarik ez dugulako. Nire ustean, sistema arduratsua izatea finantza sistemarako ona da, sistema horrek diru publikoa ondo kudeatzea bultzatzen du-eta”.