Edukiontzien erabilera neurtzeko sistema jarri dute lau udalerritan
Bizkaiko Foru Aldundiak monitorizazio sistema ezarri du Eako, Ereñoko, Etxebarriko eta Amorotoko edukiontzietan. Guztira 40 sentsore jarri dituzte.Iaz Gorlizen proba pilotua egin eta gero, edukiontzien monitorizazio sistema herri horietara zabaltzea e...
Iaz Gorlizen proba pilotua egin eta gero, edukiontzien monitorizazio sistema herri horietara zabaltzea erabaki du orain aldundiak.
Sistema ezarrita, aldundiak bi helburu lortu nahi ditu: «Herritarrei zerbitzu eragingarriagoa eskaintzeko eta baliabide eta bitarteko publikoak optimizatzeko balio duten teknika berritzaileak ezartzea eta Bizkaian sortu berri den enpresa baten garapenean laguntzea».
Sistemari esker, edukiontzietan erregistratzen diren datuak egunero monitorizatuko direla jakitera eman dute.
Datu horiek analisi plataforma batean integratuko dituzte, eta astero eta hilabetero Garbikerrera igorriko dira, edukiontzien bilketa zerbitzuaren antolakuntza optimizatzeko eta erabiltzaileen jarrerak eta ohiturak ezagutzeko.
Sistema ezartzeko herriak aukeratzerakoan ondoko irizpideak eduki dituzte kontuan: Biztanle gutxiko herriak izatea, beste toki batzuetatik urrun egotea eta edukiontziak sakabanatuago egotea.
Lanestosa eta Ubide udalerrietan dauden edukiontzietan ere jarri dute sistema.
Funtzionamendua
Haririk ez duen sentsorea da ezarri dutena. Gailu horrek edukiontziaren betetze maila eta biltegiaren tenperaturari buruzko datuak jasotzen ditu.
Sentsore horrek, gainera, ustezko suteak, iraulketak, edukiontziek gainezka egiten duten edo ez, buxatzeak eta edukiontzian jarioren bat dagoen ere atzematen du.
Jasotzen dituzten datu guztiak egunero kontsultatu ahal izango direla adierazi dute. «Monitorizazio sistema horri esker, bilketa ibilbideak ere optimizatu egin ahal dira. Izan ere, beti jakingo da zehatz zeintzuk edukiontzi dauden beteta eta zeintzuk ez».
Informazio horri esker, bilketa zerbitzuaren kostua gutxituko duela ere esan dute.