25. Ereñoko Udala Sari Nagusia lehiatuko dute zapatuan
10.30ean Atxosten hasiko da 23 urtez azpikoen lasterketa.
Lehendakari Txapelketaren bosgarren proba da. Martxoaren 10ean Urretxun hasi zuten aurtengo txapelketa, eta ondoren, Laukizen, Bergaran eta Zornotzan lehiatu dituzte lasterketak. Aurtengo egutegian hamazazpi lasterketa aurreikusi dituzte. Ereñokoaren ostean, Arabako Durana herrian lehiatuko dute hurrengo proba, apirilaren 22an.
Txirrindulariak 105,4 kilometroko ibilbidea egingo dute. Besteren artean, Muruetagane, Ibarrangeluko Laida eta Laga hondartzak, Ea, Ispaster eta Nabarniz zeharkatuko dituzte. Atxosten eta Ispasterren izango dituzte tarteko helmugak, eta mendiko sailkapenerako puntuak Nabarnizko eta Natxituako mendateetan pilatuko dituzte.
Ereñoko Gerandape Kirol Taldeko kideek esan dutenez, 150 txirrindulari inguruk parte hartzea espero dute. Euskal txirrindulariez gain, kantabriarrek, asturiarrek edota madrildarrek ere lehiatuko dute lasterketa. Euskal Herriko txirrindulariei dagokienez, besteak beste, Cajar Rural-Seguros RGA, Baque-Ideus-BH Team, Eulen-Jira Bira Cycling eta Aiarabike Trek Electroalavesa taldeetako ordezkariak egongo dira Ereñon.