Eskualdeko hiru bertsolarik abestuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, asteburuan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa zapatuan hasiko da Bilbon, eta Derion bigarren saioa jokatuko da domekan. Udaberriko sailkatze faseko lehen asteburuan, Busturialdeko hiru bertsolarik abestuko dute; Enare Muniategi Etxabek, Koldo Gezuraga Seijidok eta Mikel Retolaza Etxebarriak.
2016. urtean abiatutako ereduari eutsiz, txapelketa udaberriko sailkatze fasearekin hasiko da, eta udazkenean jarraituko du kanporaketekin. 13 sailkatze saio jokatuko dira apirila eta maiatz bitartean 11 herri desberdinetan. Enare Muniategiren lehenengo parte hartzea izango da aurtengoa Bizkaiko Txapelketan.
Muniategi arteagatarrak, Gezuraga gernikarrak eta Retolaza busturiarrak Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarragaz, Iñigo Kortazar Eliasegaz eta Malen Amenabar Larrañagagaz arituko dira domekako saioan, Derioko Gurea Aretoan 17:30ean.
Saiorako sarrerak txarteldegian egongo dira salgai egunean bertan, 17:00etatik aurrera.
Hurrengo saioak. Udaberri faseko hurrengo saioak apirilaren 20ko asteburuan jokatuko dira; zapatuan saio bakarra Otxandion, eta domekan berriz, saio bikoitza Ondarroan. Zapatuan Aitor Etxebarriazarragak abestuko du, eta domekan berriz, Asier Galarzak.