Lanuzte eta elkarretaratzeekin jarraituko dute Arrotegiko langileek
Arrotegi zaharren etxeko langileek hilabete eta erdi daramate elkarretaratzeak egiten. Jai egunetako soldata gehigarria «murrizteagatik» salatu dute egoitzako zuzendaritzaBusturiko Arrotegi zaharren etxeko langileak hilabete eta erdi daramate beraien...
Arrotegi zaharren etxeko langileek hilabete eta erdi daramate elkarretaratzeak egiten. Jai egunetako soldata gehigarria «murrizteagatik» salatu dute egoitzako zuzendaritza
Busturiko Arrotegi zaharren etxeko langileak hilabete eta erdi daramate beraien «eskubide eta lan baldintzen defentsan» lanuzteak egiten; otsailaren 26an hasi ziren elkarretaratzeekin. Akordio bat lortu ez dutenez epaitegietara auzi eske joatea eta lanuzte eta elkarretaratzeekin jarraitzea erabaki dute.«Enpresak negoziazioa baldintzatzeagaz batera ezabatu dituen eskubideen defentsan, elkarretaratze eta lanuzteak egitera behartuta gaude. Horregatik, lan baldintzen defentsan, legeak eskaintzen dizkigun baliabide guztiekin borrokatzen jarraituko dugu», adierazi dute Arrotegi egoitzako langileek.
Batzorde Patronalak eginiko murrizketak salatu dituzte zahar etxeko beharginek, «langileen aurka» hartutako erabakiak direla azalduz. Azken hilabeteetan enpresak egindako «soldata gehigarrien murrizketak» eta «ezarritako egutegiaren aldaketak» ez dituztela onartzen jakinarazi, eta jai egunetan lan egiteagatik langileei ezartzen dien soldata gehigarria Batzorde Patronalak «ordainketa barik» utzi duela adierazi dute.
Langileek aitortu dutenez, enpresako zuzendaritzak abendu amaieran jakinarazi zien beharginei jai egunen soldata gehigarria aldatuko zuela.
Momentu horretara arte, 0,75ko balioagaz ordaintzen zitzaizkien hamalau jai egun ofizialak, baina aldaketekin, lan denboragaz eta 0,25ko balioagaz ordaintzera igaroko liratekeela esan dute beharginek.
Horren aurrean, langileek lanaldia «denboran» konpentsatzea onartu zutela aitortu dute, betiere aurretik jasotzen zuten ordainketaren balio «bera» mantentzeko baldintzagaz. Zuzendaritzaren proposamenak ez zituenez langileen aurreikuspenak bete, haiek ez zuten akordioa onartu.
Zuzendaritzako erabakiak
Egoitzako zuzendaritzak orduan, 2018ko lan egutegia «aldatu» eta «jai egunetako soldata gehigarriaren balioa ezabatu» zuela salatu dute egoitzako beharginek, eta horren aurrean gogor agertu dira: «Neurri honegaz, langileok jai egunetan lan egin arren, urteko jardunaldi osoa egiten dugu inolako ordainketa gehigarriak jaso barik».
Zuzendaritzak hartutako «erabaki horregaz» eta «lan baldintzen aldaketagaz», hitzarmenaren 3. xedapen gehigarriko klausula zuzendaritzak «ez duela betetzen» adierazi dute beharginek, «lan baldintza onuragarrienak errespetatzen ez dituelako».
Egoitzako zuzendaritzak langileek «larritzat» hartzen dituzten jokabideak izan dituela adierazi dute beharginek, eta egoitzako zuzendaritza «iruzur» egiten saiatu dela esan dute: «Jakinarazpen bat delakoan, benetako ituna zen dokumentua sinatzeko saiakera egin zuen zuzendaritzak».
Gainera, zuzendaritzak «fikziozko proposamenak» eskaini dizkiela salatu dute, proposamenak ezerezean geratu direla jakitera emanez. «Ordainketen inguruan langileon ezezkoa jaso ondoren, proposamenak alde batera utzi, eta lan egutegia aldatu eta jai egunetako soldata gehigarria ezabatu digute», adierazi dute beharginek, zuzendaritzaren «errepresaliak» kritikatuz.
Horrez gain, zuzendaritzak «enpresa batzordea gutxietsi» duela adierazi dute, eta langileen lanuzteek egoitzari «irudi txarra» ematen diotela esateaz kexu dira beharginak.