Udaleko ogasun zinegotziaren dimisioa eskatu du EH Bilduk
Udal aurrekontuaren diru publikoa erabilera pertsonalerako erabili izana salatu du alderdi politikoak. EH Bilduk ez du baztertzen salaketa formala jartzeaIñaki Gorroño Etxebarria alkateorde eta ogasun zinegotziaren dimisioa eskatu du EH Bilduk, diru ...
Udal aurrekontuaren diru publikoa erabilera pertsonalerako erabili izana salatu du alderdi politikoak. EH Bilduk ez du baztertzen salaketa formala jartzea
Iñaki Gorroño Etxebarria alkateorde eta ogasun zinegotziaren dimisioa eskatu du EH Bilduk, diru publikoa «gastu pertsonalerako erabiltzea» salatuta. Atzo goizean udal erregistroan sartu zuten EH Bilduko zinegotziek beraien eskaera ofiziala.Gernika-Lumoko udal aurrekontuaren Dietak, lokomozioa eta gobernu organoen lekualdaketa diru sailera kargatutako faktura batean gastu pertsonalak gehitzeaz salatzen du koalizioak Gorroño.
1.759,75 euroko fakturan ogasun zinegotziak Krakobiara (Polonia) egindako bidaian sortutako gastuez gain, bidaian beragaz joandako beste pertsona baten gastuak agertzen direla jakinarazi du EH Bilduk. Pertsona hori, gainera, ez dela udalbatzaren partaidea azpimarratu du, «ezta udaletxeko langilea ere».
Koalizioak gogorarazi duenez, alkateordeak azken osoko bilkuran aipatu zuen «lagunen batekin bidaiatzea ohikoa» dela, eta kasu horretan gastua «justifikatuta» zegoela, «pertsona hori itzultzaile lanetan» aritu zela argudiatuz.
Ogasun zinegotziaren jarrera eta diru publikoa gastu pertsonalerako erabiltzea «bidegabea» eta «justifikaezina» dela salatu dute. Gainera, gastua udalarentzako «ustezko lan moduan kamuflatzen» saiatzearen aurka agertu dira: «Ez dagokio Gorroño jaunari itzultzaile bat kontratatu behar den ala ez erabakitzea, eta, are gutxiago, itzultzailea nor izango den aukeratzea».
Jarrera desegokia
«Gorroñok egindakoa edozein zinegotzik eginda larria bada, Gorroño Udal Ogasunaren arduraduna dela kontuan hartuta, oso larria da; diru publikoen erabilera zuzenaren bermatzailea baita bera», adierazi dute EH Bilduko zinegotziek.
Horregatik, ogasun zinegotziaren dimisioa eskatu dute. Gainera, EAJri «horrelako jokabideak babesteari uztea» eta «arduraz jokatzea» eskatu diote.
Gaur ospatuko den osoko bilkuran azalpenak eskatzen jarraituko dutela adierazi du EH Bilduk, eta gertatutakoari buruzko txostenak eskatu dituztela ere jakinarazi du, ez baitu baztertzen salaketa formala jartzea.