Saneamenduan ur gazia gutxitzeko lanak maiatzean amaituko dituzte
Ur Partzuergoak dio sarean ur gazia sartzeak zuzenean eragiten duela Galtzuarango araztegian. San Juan Txurruko usain txarren arazoa ere konponduko dutela dioteBilbao Bizkaia Ur Partzuergoak azaldu duenez, Ondarroako udal saneamendu sarean itsasoko ur ...
Ur Partzuergoak dio sarean ur gazia sartzeak zuzenean eragiten duela Galtzuarango araztegian. San Juan Txurruko usain txarren arazoa ere konponduko dutela diote
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak azaldu duenez, Ondarroako udal saneamendu sarean itsasoko ur gutxiago sartzeko lanak maiatzean amaituko dituzte. Izan ere, gaur egun, marea handiak daudenean itsasoko ura filtratzen da saneamendu sarera, Astilleru auzoan, esaterako. Diotenez, horrek eragin zuzena dauka Galtzuarango hondakin uren araztegian, eta tratatu gabeko urak itsasora isurtzen dira.Ur Partzuergoko ordezkariek diotenez, saneamendu sarean ur gazia egoteak «arazo larria» suposatzen du hondakin uren araztegien funtzionamenduan. «Ondarroa 2008. urtean sartu zen Ur Partzuergoan, eta hasieratik, saneamendu sarean sartzen den itsasoko ur kantitate handiak Galtzuarango araztegiaren funtzionamendua baldintzatu du».
Sareamendu sarean ur gazia sartzeak ondoko eragina daulaka diote: garbiketa prozesua eragozten du, kontrolatu gabeko isuriak gertatzen dira edota ekipamenduak eta azpiegitura lehenago hondatzen dira. «Gazitasunak kalte handia eragiten du kutsadura fekala kentzen duen prozesu biologikoan; ura garbitzen duten bakteriek lan egiteari uzten diote». Prozesu hori «ezinbestean» egin behar dela diote, bestela, itsasora isurtzen den ura tratatu gabea izaten da.
Kolektoreetan ere kalteak
Kolektore sarean ur gazia sartzeak kolektoreen egitekoa eragozten duela ere gaineratu dute. «Kolektoreen lana da ur beltzak jaso eta araztegira eramatea. Ur gazia sartzen denean, ostera, kutsatutako ura zuzenean Ondarroako errekan isurtzen da, Galtzuaranera ailegatu baino lehenago».
Araztegian gertatu modura, ur gaziak saneamendu sarea lehenago hondatzen duela ere esan dute; ur gaziak azpiegitura guztien balio bizitza murrizten du, korrosioaren eraginez.
Argitu dutenez, Ur Partzuergoak bere eskumenekoa den lehen mailako saneamendu sarean zeuden arazoak konpondu zituen lehendabizi. «Baina itsasoko urak sartzen jarraitzen zuen». Sarearen egoerari buruzko azterketak egin eta gero, ur gazia sartzen den herriko zenbait gune atzeman zituzten. «Gune horietan sareak konpondu, berritu edo bereizi egin beharko lirateke. Zenbait aukera kontuan hartuta, Ur Partzuergoak Astilleru auzoko ponpaketaren lehenengo jarduera bat egitea proposatu zion udalari». Lan horiek hiru fasetan egitea adostu zuten.
Ur beltzak eta euri urak
Lehenengo fasea iazko udan egin zen: Madalena kaletik pasatzen den 28 metroko udal kolektorearen tarte bat konpondu zuten (Magdalena ermita dagoen arkutik Zubi Zaharraren ondoan dagoen Astilleruko ponpaketaraino). Bigarren eta hirugarren faseetan ur beltzak eta euri urak bereiziko dituzte. «Gaur egun, San Juan Txurrutik eta Agirreoa kontserba enpresatik igarotzen den antzinako galeriatik doaz. Lan horiek maiatzean amaitzea aurreikusten dugu». Partzuergoak 200.000 euroko inbertsioa egingo du.
Bigarren eta hirugarren faseko lanekin Astilleruko ponpaketan ez dela ur gazirik filtratuko diote. «Beraz, ur araztegian gertatzen dena, hein batean, murriztea aurreikusten dugu». Horrez gain, San Juan Txurru auzoan dagoen usain txarren arazoa konponduko dela gaineratu dute.
Lanak «ez dira nahikoak»
Baina diotenez, lan horiek guztiak ez dira nahikoak izango ur gazia saneamendu sarean inoiz ez sartzeko. «Partzuergoa aztertzen ari da saneamendu sareko zenbait tokitan beste lan batzuk egitea, itsasoko urak askatasun osoz sartzen jarraitzen duelako».