Kazetaritza, bulegotik ikastetxeetara
HITZAren lantaldea Gernika-Lumoko Allende Salazar eta Gautegiz Arteagako Montorre eskoletako ikasleekin egon da kazetaritzaz eta egunkariaz jarduten. Beste hainbatetara ere egingo du bisita.Bulegoko eta kaleko lana alde batera utzi, eta ikastetxeetako ...
HITZAren lantaldea Gernika-Lumoko Allende Salazar eta Gautegiz Arteagako Montorre eskoletako ikasleekin egon da kazetaritzaz eta egunkariaz jarduten. Beste hainbatetara ere egingo du bisita.
Bulegoko eta kaleko lana alde batera utzi, eta ikastetxeetako bidea hasi du HITZAren Busturialdeko lantaldeak. Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean eman du lehen urratsa, eta Gautegiz Arteagako Montorre eskolan, aldiz, bigarrena. Baina, oraindik, ibilbidea hasi baino ez du egin.Kazetaritzak badauka zer eskaini, eta baita zer irakatsi ere. HITZAk badu jardun horretan urteetako esperientzia, eta, beraz, elkarbanatzeko modu eta gauzarik ere badauka. Ikasleekin ikasketa zein esperientziak elkartrukatzeko asmoz, eta horien jakinmina asetzekotan, eskualdeko zentro ezberdineetara bisitak egingo ditu datozen hileotan.
Allendeko irratsaioan
Ikastetxera heldu, eta astean hiru egunetan irratsaioa egiten dute Allende Salazarren. Joan den barikuan, guk ere izan genuen mikrofonoen atzean egoteko aukera. Goizean ikasleen galderak erantzuten egon ginen. HITZA zer den, zelan sortu zen, eta zelako bilakaera izan duen kontatu genien, besteak beste. Horrez gain, hamaika konturi buruz berba egiteko aukera ere eduki genuen: papereko edizioa, webgunea, sare sozialak, elkarrizketak eta errepotarjeak, kirolak, euskara…
Oso gustura egon zen kazetarien lantaldea, eta pozik egon ziren ikasleek egiten duten lan polita bertatik bertara ikusteko aukera eduki dutelako.
Montorren, elkarrizketez
Allendeko esperientziari Montorrekoa gehitu genion. Egun berean joan ginen Gautegiz Arteagara, eta ordubeteko saioan kazetari lanaz eta elkarrizketen prozesuaz jardunean ibili ginen Montorre eskolako ikasleekin.
HITZAren nondik norakoak kontatzeagaz batera, webguneko bideoez, elkarrizketez eta sare sozialez hitz egiteko aukera ere izan genuen. Gainera, elkarrizketaren prozesua landu ostean, praktikan ere jarri genuen, beraien hurrengo erronka elkarrizketa bat egiteko asmoa daukate nola gauzatu dezaketen erakusteko.
Montorren ere, esperientzia polita bizi izan zuen HITZAren lantaldeak.