Giza katerako saretze prozesua martxan dago
Ekainaren 10ean Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa eta Gasteizen amaituko den giza katearen berri ematen ari da Gure Esku Dago han eta hemen. Giza katean parte hartzeko saretu egin behar dela azaltzen dabiltza. Azken egunotan, Busturialdeko eta Lea-Arti...
Lekeitioko GED-k domekan egin zuen aurkezpena. Altube inguruetan 168. eta 169. kilometroak beteko dituzte lekeitiarrek eta mendexarrek batera. «Tarte hori betetzeko 1.000 pertsona eraman behar ditugu gutxienez». Saretze txartelen kanpaina hasi dute jada, eta hemendik aurrera kalean egongo direla azaldu dute, informazioa eman, herritarrak saretu eta giza katera joateko autobusak betetzeko. Bestalde, apirilaren 22an, Herritarron Itunean jasoko diren arrazoiak biltzen hasiko dira dinami- ka parte hartzaile baten bidez, eta maiatzaren 6an, Erabaklik Eguna ospatuko dute.
Aulestiko GED-k, berriz, Elkarrekin-Together dokumentala proiektatu zuen domekan. Ondoren, Angel Oiarbidegaz eta Lierni Olmedogaz solasaldia egin zuten; 70 lagun inguruk parte hartu zuten ekitaldian.
Eguenean Bermeon, zapatuan Ean eta domekan Kanalan egin zituzten aurkezpenak. Kanalan, domekan jarri zuten martxan saretze prozesua. Hamar lagunek baino gehiagok eman zuten izena orduan. Aberri Egunean ere izena emateko eta materiala erosteko aukera edukiko dute. Eatarrek, giza katera begirako aurkezpena egiteaz gain, ekainaren 10era bitartean jarrita dituzten beste bi hitzorduren berri ere eman zuten: apirilaren 14an, Erabakitzeko arrazoiak tailerra, eta maiatzaren 19an, Klik Eguna.
Busturialdeko herri txikiei 82. kilometroa egokitu zaie; 500 izen emate lortu beharko dituzte. Gernika-Lumori 93. eta 94. kilometroak egokitu zaizkio, eta 1.000 pertsona lortu beharko ditu. Bermeori 112. eta 113. kilometroak egokitu zaizkio; hortaz, gutxienez, 1.000 lagunen izen ematea beharko dute. 112. kilometroan, gainera, Busturiko, Sukarrietako eta Mundakako herritarrak egongo dira.
Saretzeak 5 euro balio ditu, eta horregaz GED zapia jasoko da.