Bigarren urtez jarraian, museo bilakatu da Bermeoko Alde Zaharra. 60 dendatako
erakusleihoak artez bete dituzte.
Artelanetako bat Alde Zaharreko denda bateko erakusleiho batean
Bermeoko Udalak, Bertonek (Bermeoko txiki-erdi enpresen elkarteak) eta Barrueta Arte Elkarteak antolatutako ekimenaren bidez, artea eta merkataritza uztartu dituzte, bi horiek sustatzeko batetik; eta Alde Zaharra indartzeko, bestetik.
Iaz egin zuten lehenengoz, eta harrera ona eduki zuela ikusita, aurten ere antolatu dute. Hala, apirilaren 22ra bitartean, Alde Zaharreko dendetan Bermeoko hainbat artistaren lanak egongo dira ikusgai; estilo eta tamaina ezberdinetakoak.
“Herritarrek Alde Zaharreko dendetan erosketak egiten dituzten bitartean, herriko artisten artelanak ezagutzeko aukera edukiko dute, bai eta arteaz gozatzeko aukera izan ere”, azaldu du Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak. Horregatik, ekimen “polita” dela uste dute. Lanetako batzuk, gainera, salgai egongo direla jakitera eman dute.