Frankismo aurretik Foruko alkate izandako Jose Ortuzar omendu dute
Ortuzarren omenezko oroitzapen plaka inauguratu eta lore eskaintza egin diote alkate izandakoari. Omendutakoaren senideak, herritarrak eta udaleko zinegotziak elkartu diraDiktadura frankistaren aurretik izan zen herriko alkate Jose Ortuzar, eta bere ja...
Ortuzarren omenezko oroitzapen plaka inauguratu eta lore eskaintza egin diote alkate izandakoari. Omendutakoaren senideak, herritarrak eta udaleko zinegotziak elkartu dira
Diktadura frankistaren aurretik izan zen herriko alkate Jose Ortuzar, eta bere jaiotzaren 120. urteurrenaren harira egin zion omenaldia Foruko Udalak udaletxeko osoko bilkuren aretoan, domekan. Omendutakoaren senide eta ingurukoak, herritarrak zein udaleko zinegotziak elkartu ziren bertan.Ortuzarren ibilbidea azaldu zuen ekitaldiaren hasieran Mikel Magunazelaia Foruko zinegotziak, eta horren ostean, Ortuzarren omenezko oroitzapen-plaka inauguratu zuten. Lore eskaintza egin zioten jarraian Foruko alkate izandakoari, eta bukatzeko, aurreskua egin zioten.
«Memoria historikoaren berreskurapenaren alde» egin nahi izan du udalak, eta «beraien ideiak defendatzeagatik gerraren basakeria pairatu zutenei» esker ona erakutsi nahi izan die; hala, testuinguru horretan egin zuten domekako omenaldia. Ekitaldi xumea burututa, Ortuzarren lana eta herriaren alde egindako «sakrifizioa» omendu zuten.
«Gerrak gogor jo zuen Foruan, baita errepresioa eta gerraosteak ere. Herriak lan asko egin ondoren aurrera egin zuen. Omenaldi horren bitartez, Jose Ortuzarrek eta familiak egin zuten sakrifizioa eskertu gura diegu, beste hainbeste forutarrekin batera, euren ideiak defendatzeagatik hil edota guztia galdu zutelako. Aurrera jarraitzeko izan zuten adorea eskertu eta euren oroitzapena bizirik mantentzeko modu bat da hau. Memoria historikaren berreskurapena da gure lana, gazteek eta herriko etorkizuneko belaunaldiek sasoi gogor horietan gertatutakoa ezagutzeko eta kontzientziatzeko», nabarmendu zuen Magunazelaiak.
Ortuzar 1898. urteko martxoaren 20an jaio zen Foruko Urkieta baserrian, eta 1940ko ekainaren 21ean zendu zen erbestean. Antonio Ortuzar eta Lorenzo Atxirika ziren bere gurasoak, eta Felicia Zubiagagaz ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Antonio, Aurea, Klara eta Jon.
Ibilbide profesionala
Oñatiko Arantzazuko Santutegi frantziskotarren fraide ikasketak egin zituen eta Euzko Alderdi Jeltzalearen kidea izan zen Bigarren Errepublika garaian. Eta 1933ko apirilaren 23an Foruak alkate izendatu zuen.
Euskal estatutua defendatzekotan, Gasteizen izan zen, baina 36ko gerraren ondorioz, «erbestera joatera behartuta» egon zen. Mont de Marsanera (Okzitania) joan zen, eta hegaztien abeletxe batean lan egin zuen. Euskal Herrian geratu ziren haren familiakoak.