Irabazi eta konbentzitu
Lointek Gernika Bizkaiak 54-85 irabazi zion Nissan Al-Qazeres Extremadurari, zapatuan.
Etxeko taldeak lehen zatian talde gernikarraren erritmoa mantentzea lortu zuen, baina hurrengo laurdenetan nahi eta ezinean aritu zen. Bigarren laurdeneko 0-9 partziala erabakigarria izan zen.
Lointekeko jokalariek hasieratik partidua bideratu zuten. Lehen laurdenean parekotasun handia ikusi zen kantxan, eta 18-19 amaitu zuten. Bigarren laurdenean, Lointekek defentsa lana sendotu zuen, eta “saskiratze errazak” lortu zituen. Lazaro, Molina eta Diezen errotazioek bikain funtzionatu zuten, eta Diezen eta Molinaren hirukoak ere sekulakoak izan ziren.
Donguek ere barruko jokaldietan asmatu zuen, eta Pina ere bere mailan aritu zen. Partidua “apurtuta” heldu ziren atsedenaldira: 28-45. Bigarren zatiko Lointeken lehenengo hamabost puntuak Caldwell-Dongue bikoteak lortu zituen. 25 puntuko aldeagaz heldu ziren azken laurdenera (40-68), eta azken momentura arte errentari eustea lortu zuen talde gernikarrak. Etxeko taldeari ez zion bere jokoa egiten utzi.
Mario Lopezek boskotean egindako txandakatzeek emaitza ona utzi zuten, eta partiduko hainbat momentutan jokaldi bikainak egin zituen taldeak.
Azken txanpa
Dia Ligaren azken jardunaldia lehiatuko dute asteburu honetan. Hain zuzen, partidu guztiak zapatuan lehiatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Lointek Gernika Bizkaiak Cadi La Seu hartuko du Malosten, eta beste behin etxeko zaleek giroa berotzea espero dute.
Talde katalanari irabaziz gero, Gernika-Lumoko taldeak sailkapeneko bosgarren postuan amaituko du denboraldia. Gaur gaurkoz, bosgarren postuan dago, 38 puntugaz, eta atzetik puntu kopuru beragaz daude IDK Gipuzkoa eta Cadi La Seu.