Martxoaren 8ko greba feministaren balorazioa egiteko batu ziren Gernika-Lumoko emakumeak batzar irekian. Eragile ezberdinetako emakumeak zein norbanakoak bildu ziren Astran, eta bilera “hunkigarria” egin zuten. Emakumeen Eguneko arrakasta ikusita, elkarlanean jarraitzeko eta
eraldaketa feminista bideratzeko asmoa agertu zuten bertaratutakoek.
Emakume bakoitzak bere iritzi zein sentsazio propioak aurkeztu zituen batzarrean, Emakumearen Egunaren inguruko balorazio positiboa eginez. Jatorri zein adin ezberdinetako emakumeak batu ziren Astrako batzar irekian; antolaketan lagundu, edota martxoaren 8an parte hartu zutenak. Bileran emoziozko sentimenduak nagusitu zirela azaldu dute antolakuntzakoek: “Bildutako emakume bakoitzak bere sentsazioak azaldu zituen, barruan geneukana atera genuen, eta eguna nola bizi izan genuen azaldu”. Oso
batzar “berezia” eta “hunkigarria” izan zela aitortu diote antolatzaileek.
Ilusioa, indarra, elkartasuna, hunkigarritasuna eta harrotasuna izan ziren behin eta berriz emakumeek plazaratu zituzten sentimenduak. Gainera, egunean bertan bizitako momentu azpimarragarriak nabarmendu zituzten: “Zaintzaileen lana balorean jartzearen inguruan hitz egin genuen, bi zutabeek bat egin zuten uneaz ere aritu ginen, eta goizeko ekitaldia emozioz betetakoa izan zela azpimarratu genuen bertan”.
M8ko balorazioa egiteko batzar irekia egin zuten Astran.
Martxoaren 8an kalera ateratako jendea, feminismoren azken urteetako lanketaren emaitza izan zela uste dute antolatzaileek: “Feminismoaren garaipena, emakumeon garaipena izan zen gertatutakoa. Gurea izan behar dena aldarrikatu egin behar dela barneratu dugu. Gizarte justu batean denon eskubideak errespetatzeko kalera atera behar da”.
Euskal Herrian eta Gernika-Lumon egun “historikoa” izan zela adierazi dute antolatzaileek. “Emakume guztiok batuz gero zelako indarra eduki ahal dugun ikusi genuen martxoaren 8an. Gauzak aldatzea gure esku dago”.
Etorkizunari begira. “Kalean ikusi zen jendetza ikusita, aurrera egin behar dela uste dugu. Kalea horrela betetzeak ardura suposatzen du, eta horretarako
eraldaketa eraginkorra bideratu behar da“, azaldu dute emakumeek. Eragile feminista desberdinetako emakumeak eta norbanakoak hurbildu ziren batzarrera, eta eraldaketa feminista gauzatzeko mahai ingurua egitea beharrezkoa dela ikusi zuten. “Noranzko bidea hartu behar den erabaki behar da, baita testuinguruaren azterketa egin, eta jorratu beharreko lehentasunak zeintzuk diren ikusi”, adierazi dute emakumeek.
Hori bideratzeko, eragile zein norbanakoiei zuzendutako
deialdi irekia egingo dute
apirilaren 15an arratsaldeko 19:00etan Astran. Lan saioa izango da, egoera mahai gainean jartzeko eta zer egingo den erabakitzeko unea.