Olatz Arrizabalagak eta Leire Etxanizek bigarren urtez jarraian irabazi dute Emakume Master Cup Txapelketa. 22-7 nagusitu zitzaizkien Patri Espinarri eta Eneritz Arrietari.
Txapelketa borobiltzeko partidua izan zela atzokoa adierazi zuen Arrizabalagak.
Eibarko Astelena frontoia bete zuten zaleek, eta jende asko geratu zen kanpoan. Partiduaren aurretik, frontoia beteta ikustea “izugarria” izango zela esan zuten lau finalistek, eta halaxe izan zen.
Patri Espinarrek egin zituen lehen tantoak, urdinentzat eta ikuskizuna ematen saiatu zen, baina aurkariek ez zieten utzi. Handik aurrera, baina, gorriak finalari pultsua hartu eta, beraien jokoa eginez, apurka-apurka, nagusitzen joan ziren. Launako berdinketa eta gero, Etxanizek eta Arrizabalagak errenkadan egin zituzten tantoak. Arrietari urduri ikusi zen, bai eta horrek eragindako nekea ere.
Kategoriako finala izan zen, tanto gogor, luze eta lehiatuekin.
Horrenbestez, Arrizabalagak eta Etxanizek bigarren binakako txapela eskuratu dute, jarraian. Etxanizek, gainera, hirugarrena du, txapelduna izan baitzen banakakoan ere.
Atzoko finaletako lau bikoteak.
Argazkia: Emakume Master Cup.
Promozio
Bestalde, Ainhoa Urien eta Amaia Vicario dira promozio mailako txapeldunak. 22-20 irabazi zieten Oihana Orbegozori eta Alaitz Badiolari.
Partidu lehiatua izan zen, eta urdinek hasieratik aurrea hartu zuten markagailuan; aurretik joan ziren ia partidu osoan (4 tantora berdindu dutenean salbu). Halere, estu hartu zituzten azpeitiarrek Urien eta Vicario. Finalaren amaieran, 15-19koaren ondoren, Orbegozok arriskatzen jarraitu zuen, eta gerturatu egin ziren, hemeretzina berdintzeraino. Baina, Urien abadinarraren ausardia agertu zen orduan; bera izan zen azken tantoetako protagonista nagusia. Urdinen azken bi tantoak egin zituen; tanto ikusgarriak, gainera.
G
iro itzela edizio historikoan
Historikoa izan da gaurko finala, edonondik begiratuta ere. Harmailak pilotazalez lepo egon dira, eta giro itzela izan da partida aurretik, bitartean eta baita ostean ere.
Amaitu da Laboral Kutxa Emakume Master Cup 2018 binakako pilota-txapelketa, eta edizio historikoa izan dela azaldu dute antolatzaileek: aurreko marka guztiak hautsi eta ehun pilotari baino gehiagok hartu dute parte, txapelketak iraun duen hilabete bietan zehar jokatu diren bost kanporaketetan: Gasteiz, Larrabetzu, Markina, Zamudio eta Oñati; eta, azkenik, Eibarren, lekurik onenean, pilotaren katedralean; alegia, Astelenan, jokatu den finalean.