Bermeoko kadeteak bigarren sailkatu dira Bizkaiko Batel Ligaren 8. jardunaldian
Asteburu honetan Bermeon lehiatzekoak ziren 7. eta 8. jardunaldiak, baina, zapatuko jardunaldia bertan behera geratu zen, itsasoko baldintza kaskarrengatik.
Atzoko 8. jardunaldia normaltasunez lehiatu zuten. Mutilen kadete mailan Itsasoko Ama A izan zen onena. Zazpi minutu, 26 segundo eta 91 ehunenean amaitu zuen proba. Bermeotarrak zazpi segundo eta bederatzi ehunenera sailkatu ziren. Elantxobe zazpigarren geratu zen, Itsasoko Amarengandik 46 segundo eta 77 ehunenera sailkatuta.
Gazte mailan hirugarren sailkatu zen Bermeo A. Kategoria honetan ere Itsasoko Ama izan zen azkarrena. Bederatzi minutu, 34 segundo eta 68 ehunen markatu zuten santurtziarrek, eta bermeotarrak sei segundo eta 21 ehunenera sailkatu ziren (Zierbena A sailkatu zen bigarren). Elantxobek bederatzigarren amaitu zuen estropada, lehenengoarengandik 48 segundo eta 26 ehunenera.
Mutilen ume mailan bi txanda egon ziren. Batean Isuntza (05:23,06) izan zen onena, eta Bermeo bosgarren sailkatu zen, 20 segundo eta 80 ehunenera. Beste txandako azkarrena, berriz, Arkote izan zen: 03:09,80. Elantxobe zortzigarren sailkatu zen, Bermeo bederatzigarren, eta Elantxobeko neska-mutilen talde mistoa hamaikagarrena izaen zen.
Traineru jaitsiera
Santurtziko arraun elkarteak asteburu honetan emaitza bikainak lortu ditu kategoria guztietan. Izan ere, Itsasoko Ama nagusitu zen atzo J.A. Camiruaga Cami eta XVIII. Jon Sasieta Bilba Memorialen Traineruen Jaitsieran.
Deustu eta Bilbo arteko proban senior mailako emakumezkoen eta gizonezkoen estropadetan parte hartu zuten Busturialdeko arraunlariek. Mutiletan Mundaka eta Elantxobe lehiatu ziren, eta nesketan, Mundaka.
20 minutu, hamabost segundo eta 43 ehunenetan burutu zuen jaitsiera Itsasoko Amak. Zierbena eta Deusto sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Mundaka hamaikagarren sailkatu zen, irabazlearengandik minutu bat, 27 segundo eta 71 ehunenera. Hamabosgarren geratu zen Elantxobe, Itsasoko Amarengandik bi minutu, lau segundo eta 40 ehunenera.
Nesketan Donostia Arraun Lagunak taldeak egin zuen denborarik onena: 13:34,78. Mundakarrak seigarren sailkatu ziren, donostiarrengandik bi minutu, 54 segundo eta 51 ehunenera.