HAPOra bideratuko du aurrekontuko inbertsio nagusia Gautegiz Arteagak
2018. urterako 847.206,02 euroko aurrekontua onartu du udalak. Zerbitzuak mantentzera eta egiturazko inbertsio berriak egitera bideratuko dute dirua. Herriko elkarteei 8.000 euro dagozkieMartxoan egindako osoko bilkuran 2018. urteko aurrekontua 847.206...
2018. urterako 847.206,02 euroko aurrekontua onartu du udalak. Zerbitzuak mantentzera eta egiturazko inbertsio berriak egitera bideratuko dute dirua. Herriko elkarteei 8.000 euro dagozkie
Martxoan egindako osoko bilkuran 2018. urteko aurrekontua 847.206,02 eurokoa izatea behin betiko onartu du Gautegiz Artegako Udalak. Inbertsio nagusia Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) egokitze prozesuari zuzenduta dago. Izan ere, 47.153,70 euroko lana dela aurreikusi du udalak.Planteamendu ekonomikoa inbertsio errealen aurreikuspenean oinarrituta dagoela jakinarazi du. Izan ere, herria ekonomikoki eta sozialki dinamizatzearen alde egitea du helburu ezarritako aurrekontuak.
847.206,02 eurotan onartu zuten urteko aurrekontua, eta diru laguntzen kudeaketaren bitartez, 1.258.766,88 eurotara gehitzea espero du Gautegiz Arteagako Udalak. Planteamendu ekonomikoa herriko zerbitzuak mantentzera eta egiturazko inbertsio berriak egitera bideratuta dago.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak herriko bizi kalitatea hobetzearen eta herritarren ongizatea gehitzearen alde erabaki dutela adierazi du: «Gure planteamendu ekonomikoa benetako beharrizanak kontutan hartzeari dago zuzenduta. Beharrezkoak diren hobekuntzetan inbertitzen dugu».
2018. urteko inbertsioetarako hasierako partida 83.653,70 eurotan finkatu du udalak, baina zenbatekoa diru laguntzen kudeaketaren bitartez 458.844,56 eurotara gehitzea espero du.
Herritarren bizimodua «errazteko» eta herriko zerbitzuak «hobetzeko» inbertsioak ere egingo direla adierazi dute udal ordezkariek. Proiektu nagusien artean 153.709,33 euroko inbertsioa aurreikusi dute Zelaieta kaleko irisgarritasun lanak burutzeko. Horretarako, 10.000 euroko partida dago udal aurrekontuan; diru laguntzen kudeaketaren bitartez gehitzea espero dute.
Mediku kontsultarako sarbideen egokitzapenak egiteko 36.348,40 euro daude finkatuta, herriko bideen zoladura hobetzeko 6.000 euro, frontoiaren hobekuntzarako 46.130 euro eta skate pista egiteko 16.308,67 euro. Kanpoko komun publikoak egitera, bideak hormigoitzera, kaleargien instalazio elektrikoa egokitzera eta Montorre Udal Eskolako berokuntza eta leihoak berritzera ere bideratuko dute dirua.
Laguntzak
Inbertsioetatik kanpo, lehentasuna herriko familiei bideratutako laguntzak eskaintzea dela dio udalak. Horretarako, familiei zuzendutako laguntza ekonomikoak mantenduko dituzte: 9.000 eurokoa jarraituko du izaten.
Herriko dinamizazio sozio kulturalean, kirol eta kultur elkarteei emateko diru laguntzak aurreikusi ditu udalak: Kanalako Gizarte Etxeari 2.000 euroko laguntza, Bertsolaritza Elkarteari 1.800 eurokoa, Kanalako Jai Batzordeari 2.000 eurokoa eta herriko elkarteei 8.000 eurokoa.