Familiarteko turismoa bultzatzeko proposamen berria aurkeztu du Gernika-Lumoko Udalak
Familiarteko turismoa sustatzeko Marco Topo deitutako jokoa aurkeztu dute gaur Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan. Iñigo Magunagoikoetxea turismo zinegotziak eta Amaia Garcia turismo arduradunak aurkeztu dute familiarteko turismoa bultzatzea xede duen proposamena.
Gernika-Lumora hurbiltzen diren bisitarien erdia baino gehiago familian hurbiltzen direla jakinarazi du Magunagoikoetxea zinegotziak. Hori horrela, ekimen berri honek familien egonaldia “eraginkorragoa” eta “luzeagoa” egitea du helburu. “Herria bisitatzera familian hurbiltzen diren bisitariak hartu ditugu kontuan, eta familiako gazteei zuzendutako produktu edo jolasa bideratu dugu. Joko honen bidez, gazteen egonaldia erakargarriagoa bihurtzen dela uste dugu”, adierazi du Magunagoikoetxeak.
Teknologia berriek gaur egun duten garrantziaz ohartuta, familiako gazteek duten herriarekiko interesa sustatu nahi du udalak. Horregatik, udalerriko turismoaz gazteek “gozatzeko” aukera eskaintzen duen jokoa dela Marco Topo adierazi du Garciak. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako jokoa da, eta bihartik aurrera bisitari guztiek probatzeko aukera izango dute, doan.
Ekimenaren helburua familien bisita luzatzea eta erakargarriagoa egitea den arren, jokoak balio erantsia duela azaldu du Garciak: “Jokoa sare sozialetatik zabal dezakete gazteek, eta horrek, Gernika-Lumoren irudia zabaltzea dakar”.
Gaur egun, Marco Toporen antzeko jokoa Madrilgo Sorolla museoak lantzen duela jakinarazi dute aurkezpenean.
Marco Topo jokoa. Marco Topo izeneko jokoan formatu digitalak eta paperezko formatuak bat egiten dutela, eta Gernika-Lumoko 12 leku turistikoak presente daudela azaldu du turismo zinegotziak: “Leku turistiko bakoitzean, tokiari buruzko lau galdera erantzun behar izango ditu jokalariak, bisita turistikoa izateaz gain, bisita didaktikoa bihurtuz”.
Jokoagaz gazteek Gernika-Lumoko ondare historikoak hobeto ezagutzeko aukera dutela uste du Magunagoikoetxeak.Mugikorragaz jokatu daitekeen jokoaz gain, denbora pasak egiteko aukera ematen du Turismo Bulegoan banatzen den paperezko Marco Toporen formatuak.