Bizkaiko Batel Ligaren bi saio jokatuko dituzte Bermeon
Bizkaiko Batel Ligaren 7. eta 8. jardunaldiak jokatuko dituzte asteburuan, Bermeon. Bizkaiko Arraun Federakuntzak jakitera eman dutenez, Bizkaiko klub guztietako 80 bat batelek parte hartzea espero dute.Bihar 15:30ean hasiko da 7. jardunaldia, eta dome...
Bihar 15:30ean hasiko da 7. jardunaldia, eta domekan, berriz, 10:30ean. Nesken eta mutilen absolutu kategoriak izan ezik, gainontzeko kategorietako arraunlariak egongo dira Bermeoko portuan. Lerroko estropada izango da, eta txanda bakoitzak lau kale izango ditu.
Arautegiak zehaztu legez, maila bakoitzari egokitutako ibilbidea egin behar izango dute. Alebinek 500 metroko estropada bete beharko dute, haurrek eta haur/kadete mailakoek, berriz, 1.000 metrokoa. Kadete mailan, ostera, 1.500 metro egin beharko dituzte arraunean, eta gazte mailan, azkenik, 2.000 metro.
Traineru jaitsiera, domekan
Bestalde, J.A. Camiruaga Cami eta XVIII. Jon Sasieta Bilba Memorialen Traineruen Jaitsiera lehiatuko dute domekan, Deustu eta Bilbo artean.
11:30ean hasiko da lehia Deustuko Arraun Taldearen parean, eta Euskalduna Zubian izango dute helmuga. Mutilen traineruek Arenaleko zubian emango dute ziaboga, eta neskenek, La Salve zubian. Mutilek 6.200 metroko estropada egingo dute, eta neskek 3.200 metrokoa.
Mundakako nesken Lamia traineruarentzat bigarren jaitsiera izango da (Oriako jaitsieran estreinatu ziren). Emakumezkoetan sei talde ariko dira lehian: Mundaka, Lea-Artibai, Donostia Arraun Lagunak, Deusto, Kaiku eta Perillo.
Gizonezkoen lehian 22 traineruk parte hartuko dute, tartean Elantxobek, Mundakak eta Isuntzak.
Beterano kategorian, ostera, bi taldek izena eman dute: Arkotek eta Deustok.