Mendata-Mendata 24. Txirrindulari Lasterketa lehiatuko dute zapatuan
Gazte mailako proba honetan, 130-150 txirrindularik parte hartzea espero dute antolatzaileek. Bizkaiko talde guztiekin batera, Arabako, Asturiaseko, Kantabriako eta Burgosekoak batuko dira Mendatan.
Parte hartzaile kopuru zehatza zapatuan bertan jakingo dute. Izan ere, aurrez izena emateko aukera dago gaur eta bihar, eta zapatuan bertan lasterketa hasi baino ordu erdi arinagora arte izena eman ahalko da. 200 txirrindulariko muga dago.
Mendatako Udalak eta Sociedad Ciclista Gernikesak orain arte irailean antolatzen zuten proba. Baina, denboraldi amaiera izaten denez, txirrindulari askok ez zuten parte hartzen, eta beraz, denboraldi hasierara aldatzea erabaki zuten. “Egutegiko lehenengo probetako bat da, eta txirrindulariak gogotsu daude”.
85 kilometro inguruko lasterketa izango da. 15:30ean Mendatan hasita, Arratzura bi buelta emango dituzte. Jarraian, Montecalvora joango dira, eta handik Mendatara itzuliko dira. Ondoren, berriro ere Arratzura joan, eta gero Mendatan izango dute helmuga.