Foruko Udalak Jose Ortuzar alkate ohia omenduko du
Jose Ortuzar Atxirika diktadura frankista baino lehen izan zen Foruko alkate, eta erbestean hil zen. Harek egindako lana eta herriaren alde egindako sakrifizioa omentzeko omenaldi xumea antolatu du Foruko Udalak, domekarako.
12:00etan emango diote hasiera omenaldiari Foruko udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ortuzarren omenezko ekitaldian, alkate ohia oroitzeko plaka bat inauguratuko dute.
Jose Ortuzar Atxirika, 1898. urteko martxoaren 20an jaio zan Foruko Urkieta baserrian. Antonio Ortuzar eta Lorenza Atxirikaren semea izan zen, eta Oñatiko Arantzazuko santutegi frantziskotarrean fraide ikasketak egin zituen. Felizia Zubiagarekin ezkondu, eta lau seme-alaba izan zituzten: Antonio, Aurea, Klara eta Jon.
Eusko Alderdi Jeltzalearen kidea izan zan Bigarren Errepublika garaian. 1933ko apirilaren 23ko udal hauteskudeentan, Foruko herriak alkate izendatu zuen. Foruko alkate modura, Gasteizen egon zan Euskal Estatutuari babesa ematen. Gerra Zibilean, hala ere, erbestera joan beharra eduki zuen, familia hemen utzita. Mont de Marsanera joan zen. Familiari eskutitzez berak azaldu modura, hegazti haztegi batean kontabilitate lanak egiten ibili zen. 1040. urteko ekainaren 21ean zendu zen.
Ortuzarren jaiotzaren 120.urteurrena dela eta egingo diote omenaldia.
Mikel Magunazelaia Foruko zinegotziak gogorarazi du gerrak, errepresioak eta gerraosteak “gogor jo” zuela Forun. Herriak lan asko egin ondoren, baina, aurrera egin zuela dio. “Omenaldi honen bitartez, Jose Ortuzarrek eta bere familiak egindako sakrifizioa eskertu gura diegu. Beste hainbeste forutarrekin batera, euren ideiak defendatzeagatik hil edota guztia galdu zutelako. Aurrera jarraitzeko izan zuten adorea eskertu eta euren oroitzapena bizirik mantentzeko modu bat da omenaldi hau”, esan du.
Memoria historikoa berreskuratzearen aldeko lana egiten ari direla azaldu du Magunazelaiak, “gazteek eta herriko etorkizuneko belaunaldiek sasoi gogor hareetan gertatutakoa ezagutzeko, eta kontzientzia pizteko”.