Plaza konpontzeko hainbat lan egitea aurreikusi dute.
Umeen jolas
parkean segurtasun lanak egingo dituzte. Izan ere, parkearen parte batean bakarrik dago babes-hesia. Umeen segurtasuna bermatzeko aukera desberdinak aztertuko dituzte.
Bestalde, espaloian
iriste erraztasuna bermatzeko lanak egitea onartu dute. Gaur egungo galtzadarria berrerabiliko dute. Halaber, autoak espaloi gainean ez uzteko neurriren bat hartuko dute jakitera eman du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Arbola batzuk gaixorik daudela zehaztu du Ziluagak, eta horiek kendu eta beste batzuk landatuko dituzte. “Ezkiak dira, eta lurzorua altxatu dute. Likido baltza bat isurtzen dute, inguruko guztia zikinduz, eta parkea labainkor geratzen da. Inguruari kalte egiten dio”.
Umeen jolas parkearen parean daudenak beste mota bateko zuhaitzekin ordezkatuko dituzte. Horretarako, adituen iritzia kontutan hartuko dutela azaldu du alkateak. Bertoko arbolak izango direla zehaztu du, madariondoak, astigarrak edo urkiak.
Era berean,
komun publikoetan argiteria jarriko dute, eta kaleargirik ez dagoen gunean kaleargiak jarriko dituzte.
Arboliz, Merru eta Gorozika auzoetan kaleargiak jarri ditu udalak dagoeneko. Sakabanatuta dauden baserrietan, orain arte, ez dute argiteria publikoa izan eta horietatik lur-harguneak hartu, eta horietatik argiteria publikoa atera dute. “Eurekin akordio batera heldu eta hitzarmena sinatu genuen, eta udalak ordainduko die dagokion partea”, adierazi du alkateak. Horretarako, 11.000 euro inguruko inbertsioa egin du udalak.
Bestalde, orain dela gutxi amaitu dituzte
Arbolizeko parkeko eta
Laidako kanpiñeko umeen parkeko berriztatze lanak. “Nahiko egoera txarrean egon dira, eta 21.000 euroko aurrekontua izan dugu”.