Asteburuko aldarrikapen jendetsuei jarraipena eman diete pentsiodunek
Ondarroako Alamedan, Gernika-Lumoko Foruen Plazan eta Bermeoko Goiko Plazan egin dituzte pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak. Astelehenero batzen segitzeko asmoa duteLea-Artibaiko eta Busturialdeko pentsiodunak pentsio duinen alde egiteko batu ziren...
Ondarroako Alamedan, Gernika-Lumoko Foruen Plazan eta Bermeoko Goiko Plazan egin dituzte pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak. Astelehenero batzen segitzeko asmoa dute
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko pentsiodunak pentsio duinen alde egiteko batu ziren atzo, Ondarroan, Gernika-Lumon eta Bermeon, astelehenero legez. Pentsionistak batzen diren bosgarren astelehena izan zen atzokoa; inoizko jendetsuena eskualdeko herriotan. Eskatzen dutena lortu arte, beraien aldarria defendatzen jarraituko dute pentsionistek. Modu horretan, asteburuan milaka eta milaka herritarrek hiriburuetan egindako eskaerei jarraipena eman diete.Beste behin, pentsioen %0,25eko igoeragaz apurtzeko eskatu dute. Galdutako erosteko ahalmena berreskuratu nahi dute pentsiodun eta jubilatuek; gutxieneko pentsioa 1.080 eurotara igotzea eta zerbitzu sozialak berrindartzea nahi dute.
2011. urtetik gaur arte pentsiodunen erosteko ahalmena %6,5ekoa izan dela salatu dute. Izan ere, pentsio apalenak osatzeko ezartzen diren DBEko diru laguntzen jaitsiera %13,5ekoa izan da: «Etorkizunari begira eta 2022ra arte Rajoyren gobernuak inposatutako %0,25 igoera ezartzen badigute, erosteko ahalmena gainbehera joango da».
Gainera, pentsioak kalkulatzeko erabiltzen den Oinarri Erregulatzailearen %19ko jaitsieraz kexu dira; orain arte 15 urte hartzen ziren kontutan, eta hemendik aurrera, 25 urte hartuko dituzte.
Eskaerak
Pentsio duinak jasotzeko KPIaren erreferentea berreskuratzea ere eskatu dute. «Rajoyren gobernuak inposatutako %0,25eko igoeragaz apurtzea eta Europako Eskutitz Sozialak gomendatzen duenari jarraituz, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea eskatzen dugu». Horretarako, Giza-Seguritate Sistema Propioa behar dutela aldarrikatu dute.
Horren alde, Gernika-Lumon, Bermeon eta Ondarroan elkarretaratzeak egiten jarraituko dute astelehenero. Gernika-Lumon udaletxe aurrean 12:00etan batuko dira; Bermeon Goiko Plazan ordu berean, eta Ondarroan, berriz, Alamedan, 12:00etan. Herritar guztiei egin diete parte hartzeko deia.