Atzo zabaldu zituen ateak Bermeoko Liburu eta Disko azokak, eta
martxoaren 25era bitartean Lameran bisitatu ahalko da.
11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era zabalik egongo dira aurten jarri dituzten
hamalau erakusleen mahaiak.
Gustu eta adin guztietako jendearentzako aukerak daude. Euskal berritasunek, gainera, liburu zein diskoek, %10eko beherapena daukate.
Irakurzaletasuna bultzatu asmoz, «azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea» ditu helburu Bermeoko Liburu eta Disko azokak. Hala, herritarrek zein bisitariek
hainbat gai izango dituzte aukeran: haur eta gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa eta euskal diskogintza, beste hainbaten artean.
Liburu eta diskoekin batera, erakusmahaietan
100 urte euskara zaintzen erakusketa ere ikusgai dago. Euskaltzaindiak 100 urte betetzen dituenez, «omenaldi xumea» egin nahi dio Liburu eta Disko azokak.
Eguraldiak asko laguntzen duela esaten dute urtero antolatzaileek, aurten, giro nahasiagaz ateak zabaldu badituzte ere, oraindik ez du euri askorik egin, eta jendea badabil kuxkuxean.
Idazleak ere bertaratuko dira Bermeoko Liburu eta Disko Azokara. Horien bisitak, baina, datorren asteburuan izango dira. Aurten, Jon Arretxe, Jose Javier Abasolo, Miren Palacios eta Joseba Itxaso idazleak egongo dira liburuak sinatzen.