Bere garaian Gernikako Biltzarretara deitzeko egiten zen moduan, gaur, Bizkaiko Deiadar Mendietatik bihar Larrabetzun ospatuko den Independentzia Egunerako deia zabaldu dute lau haizetara.
Independentzia Egunerako Deia Sollubetik
Sollube, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira bost deiadar mendiak. Horietatik
, tontorretan batuta, 12:00etan, eta aldi berean, Euskal Estatu demokratiko eta soziala eratu eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko bidean martxan jarri behar den burujabetza prozesua aldarrikatu dute. Era berean, Independentzia Egunerako deia egin dute. Deia, adar hotsez egin dute.
Solluben, esaterako, Bermeo, Busturia, Bakio eta Mungiako bizilagunak batu dira. Bermeotik, Solluberako bidea oinez egin dutenak ere egon dira. 09:00etan abiatu dira herrigunetik. Eatik, berriz, Oizera joan dira.
Independentzia Egunerako Deia Oizetik
Sollubeko tontorrean, txalaparta doinuekin hasi dute ekitaldia, eta adar hotsak nagusitu orduko, tontor guztietan irakurri duten manifestua irakurri du Ana Tere Bengoetxea Independentistak Sareko kideak. “Independenteak izan gura dugu, jakin badakigulako inoren menpe barik, askoz hobeto biziko garela, gure buruaren jabe. Menpekotasunean ez dugu etorkizunik. Burujabetza berreskuratzeko bideak sakon aztertu, urratsak zehaztu eta ibiltzen hasteko ordua da”, zioen manifestuak.
Bidea argi dagoela diote, “Euskal Estatu sozial eta demokratikoa eratu eta Euskal Errepublika aldarrikatu”, eta helburua, berriz, honakoa: “Askatasuna, hau da, herritar guztiok zoriontsu bizitzeko herri librea”.
Herriz herri burutu diren galdeketekin erakutsi da, “milaka direla bere buruaren jabe den herri batek etorkizun hobea izango duela” sinisten dutenak. “Estatu propioa gura dugu, guztiari buruz geuk erabakitzeko”, zioen.
Bihar,
Larrabetzun, etorkizuneko Euskal Herria irudikatuko dutela esan dute; “herri independente bat, arloz arlo, eguneroko bizimoduari aurre egiteko baliabide eta ilusio nahikoa eta gehiago dituena, bere herritar guztien ongizatea bermatu dezakeena”.
Bihar, Euskal Herriko eragileak batuko dira Larrabetzun eta nork bere arloan egiten duen lana azalduko dute, eta ozen adieraziko dute Euskal Herriaren independentziaren alde daudela.
“Ezinezkotzat duguna ere lortu daiteke eta ezinbestekoa da”, esan dute Deiadar Mendietako tontor guztietan. Amaitzeko, Euskal Herriko independentista guztiak deitu dituzte biharko Independentzia Egunera.
Bihar,
Burujabe hobe leloarekin ospatuko dute Larrabetzun, aurtengo Independentzia Eguna. Iaz, Bermeon egin zuten Independentzia Eguna.
Sollube eta Oiz mendietan batu dira Busturialdeko bizilagunak.
Hemen, argazki galeria.