Biztanleria atzerritarraren kopurua hazi egin da azken urtean
2012az geroztik, hazkunde handiena izan da 2017 eta 2018 urteen artean. Gaur egun, 132 atzerritar gehiago daude erroldatuta Busturialdean; 2.193 dira guztiraBusturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jakitera eman duenez, mankomunitatea osatzen d...
2012az geroztik, hazkunde handiena izan da 2017 eta 2018 urteen artean. Gaur egun, 132 atzerritar gehiago daude erroldatuta Busturialdean; 2.193 dira guztira
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jakitera eman duenez, mankomunitatea osatzen duten hamazortzi udalerrietan beste herrialde batzuetako 2.193 pertsona daude erroldatuta gaur gaurkoz; alegia, biztanle osoaren %7,5.2017tik 2018ra artean, erroldatutako atzerritarren kopuruak gora egin du; 132 lagun gehiago dira gaur egun, hain zuzen ere. Mankomunitateak nabarmendu du 2012tik gaur egunera arte biztanleria atzerritarrak izan duen hazkunde handiena dela. 2005ean, Busturialdean 26.276 herritar zeuden erroldatuta, eta horien %3,9 atzerriko biztanleriari zegokion (1.049).
Busturialdeko biztanleria atzerritar kopurua handiagoa da Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoagaz (%6,5) alderatuz gero, baina Espainiako estatukoa (%9,8) altuagoa da bertokoa baino. Gaur egun erroldatuta dauden 2.193 lagun horiei, baina, nazionalitatea jaso dutenen kopurua gehitu behar zaiela azaldu du Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak; «2013tik 203 lagun dira, eta 2017an, esaterako, hamalauk jaso zuten nazionalitatea».
Jatorriari dagokionez, atzerritarren gehiengoa Europar Batasunetik etorritakoa da (1.292), eta horien artean, errumaniarrak dira nagusi (%87,6). Mankomunitatearen arabera, hauek dira nazionalitate ugarienak; errumaniarra (1,132), marokoarra (99), moldaviarra (72), argentinarra (69), brasildarra (65), txinatarra (59) eta ukraniarra (51). Eta gehien hazi diren taldeak dira marokoarrenak, txinatarrenak, moldaviarrenak eta pakistandarrenak, hurrenez hurren.
Adinari dagokionez, bestalde, atzerriko biztanleen %46 18-39 urte bitartekoa da, eta %19, aldiz, adin txikikoa.
Gernika-Lumon gehienak
Mankomunitatean bizi diren atzerritarren gehiengoa (%80) Gernika-Lumon bizi da; hain zuzen, 1.733 lagun. Eta lagun horiek herriko biztanleriaren %10,1 osatzen dute, %11 espainiar nazionalitatea jaso duten atzerritarrak kontuan hartuta.