Gerra garaiko eta osteko Sarajevo erakusten ditu Gervasio Sanchez kazetariaren erakusketak Kultur Etxean. Bizipen pertsonalean oinarritutako argazkiak aurki daitezke.
Bizitza igaro ahala, bizipenez betetzen da oroimena, eta bizipenak gozatu zein sufritu egin daitezke. Asko dira gozamenagatik memorian gordetako momentuak, baita mota guztietakoak ere.
Mende laurdena igaro da dagoeneko Bosnia-Herzegovinako gerra bukatu zenetik, baina Gervasio Sanchez kazetari eta argazkilariaren oroimenean bizirik dirau gatazka armatuak: “Nire oroimenak nekez ahazten du gatazka hura. Etengabeko bonbardaketekin amesten jarraitzen dut, eta bertako biztanleen aurpegietako beldurra ikusten dut oraindik ere”.
Sarajevon bizi izan zen gerra garaian Sanchez, eta gatazka garaiko zein osteko argazkiekin gerrak eragiten duen ezbeharrari eta hiriaren berpizteari buruzko erakusketa da Sarajevo, gerra eta bakea (1998-2008) izenekoa. Gernika-Lumoko Kultur Etxean dago ikusgai.
Kazetari lanak egiteko bidaiatu arren, gerraz inguratuta bizi izateak aztarnak eragiten ditu edonorengan. Ez da erraza nola eta zer kontatu erabakitzea gatazkak zuzenean eragiten dizunean. Horrela adierazten du Sanchezek erakusketan ikusgai dagoen idatzi batean: “Gerra kontatzea ezinezkoa zela ikusi nuen han. Boligrafoa guztiz agortuta, adimena zeharo zorroztuta edo errealitatea ezin hobe zehaztuta ere, ezin daiteke lortu irakurleak gatazka armatu baten egia zein den ulertzea”. Horrelako gertaerek eragiten duten izua “pentsaezina· dela azaltzen du idazkian kazetariak.
Idatzita lortu ezin izan zuena argazkiz transmititzen du Sanchezek. Gerra garaian Sarajevo hiriak eta bertako herritarrek bizi zuten egoera latza azaltzen dute argazkiek. Hiritarren bizimodua gerra garaiko Sarajevon, eta herritar horiek 20 urte beranduago bizi duten egoera islatzen ditu artistak erakusketan batzen diren 50 argazkietan.
Martxoaren 23ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean Sarajevo, gerra eta bakea erakusketa.
Bi Sarajevo
Oroimenak ahaztu dezakeena argazkiek gogorarazten dute, eta Sanchezen lana da horren erakusgarria. Erakusketan errealitate biren arteko talka islatzen du argazkilariak; gerra garaiko Sarajevoren eta oraingo hiriaren arteko kolpea.
1992tik 1994ra iraun zuen gerrak 250.000 bosniar hildako edo desagertutako utzi zituen; 25.000 adingabe guraso barik utziz. Oraindik ere, gerraren aztarna nabaria da Bosniako hiriburuan, eta hori ondo islatzen dute Sanchezen argazkiek. Gatazka armatuko Sarajevoren aurrean, XXI. mendekoa ageri da. 20 urte igarota hiriak izandako aldaketa islatzen du erakusketak; iragana eta oraina elkarren aurrean jarriz.
Gervasio Sanchezen hitzetan, “baikorrenek baieztatzen dutenez, Bosniako hiriburuak ez du izaera kosmopolita galdu; ezkorrek, aldiz, gerraosteko babesgabetasunean deuseztatu dela uste dute”.
2009an Nazio Mailako Argazki Saria irabazi zuen argazkilaria da Sanchez, eta bere lana martxoaren 23ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean.
Artistaren bizi pertsonalean zein profesionalean eragina izan duten argazkiak gerran bizitako egoeren oroimena dira.