Euskara ikasten daudenei diru laguntzak emango dizkie udalak
2017-2018 ikasturtean euskara ikasketak eta ikastaroak egiteagatik diru laguntzak emateko prozedura arautu du Ziortza-Bolibarko Udalak. Onuradun bakoitzak gehienez 150 euro jasoko ditu.Herritarrek eskabideak aurkezteko epea azaroaren 5era arte daukate....
Herritarrek eskabideak aurkezteko epea azaroaren 5era arte daukate. Horiek udal erregistroan aurkeztu behar dira, astelehenetik barikura bitarte, 09:00etatik 14:00etara.
Ikasturte honetan HABEk homologatutako euskaltegi publiko zein pribatuetan egindako ikastaroak egiten dituzten pertsonak lagunduko dituzte diruz. Hala, laguntza jasotzeko derrigorrezkoa da udalerrian erroldatuta egotea.
Urte osoko ikastaroak egiten dituztenez gain, aurtengo udan egindako ikastaro trinkoetan zein barnetegietan parte hartzen dutenek ere eskatu dezakete diru laguntza. Barnetegietako ikasleen kasuan, matrikula gastuak soilik lagunduko dituztela jakinarazi dute.
Ikastetxeek edo guraso elkarteek eskolaz kanpoko jarduera moduan antolatutako euskara ikastaroak ez dituzte diruz lagunduko.
Aurkeztu beharrekoa
Eskabideagaz batera, hainbat dokumentu aurkeztu behar dira udal erregistroan. Eskatzailearen NAaren fotokopia eroatea beharrezko da, eta adin txikikoa izanez gero, eskaera gurasoren batek edo tutoreak egin beharko du, familia liburua aurkeztuta.
Euskaltegiak egindako ziurtagiria aurkeztu behar da. Bertan, matrikula gisa ordaindu den zenbatekoa zehaztu beharko du eskatzaileak, bai eta egindako maila edo mailak, eta horiek gainditu dituen.
Modu berean, eskolaratutako ordu kopurua ere agertzea eskatu dute. Hau da, euskaltegiak ikastaro horretan emandako orduak eta ikasleak jasotakoak zeintzuk diren adierazi behar da. Izan ere, diru laguntza jasotzeko, gutxienez %85eko parte hartzea justifikatu behar da.
Halaber, eskabideari buruzko zinpeko adierazpena eta diru laguntza jasotzeko ezintasun baldintzetan edo egoeran ez egotearen ardurapeko adierazpena ere aurkeztu behar dira.
Aurkeztutako dokumentuetan akatsak edo hutsuneak edukiz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaie. Horiek bi laneguneko tartea izango dute akatsak zuzentzeko, eta hori egin ezean, diru laguntzari uko egin diola ondorioztatuko dute.
Eskaera egiteko agiriak eta diru laguntzei buruzko informazioa udal bulegoan zein udalaren webgunean daude eskura: www.ziortza-bolibar.eus.