Ume sahararrak etxean hartzeko programa abiatu dute Ondarroan
Ondarroako Udalak eta Yaalah elkarteak abian jarri dute beste urte batez udan ume sahararrak etxean hartzeko Oporrak Bakean programa. Programagaz bat egin eta ume bat hartu nahi duten familiek martxoaren 31 dute izena emateko azkenengo eguna.Oporrak Ba...
Oporrak Bakean programak saharar errefuxiatuen kanpamenduetako umeak bi hilabetez etxean hartzeko aukera eskaintzen du. Aurten, hain zuzen ere, 42 urte bete dira sahararrek euren lurraldetik ihes egin zutenetik. Ihes egin zuten asko eta askok 42 urte daramatzate erbestean, basamortuan errefuxiatuen kanpalekuetan bizitzen. «Egoera gordin hori leuntzen laguntzeko gauza asko egin ahal ditugu. Eta horietako bat da Oporrak Bakean programa», azaldu dute Yaalah elkartekoek.
Programa horri esker, hainbat umeri basamortutik ateratzeko aukera eskaintzen zaie. «Basamortuan tenperatura eta egoera latzak bizi dituzte. Hona etorrita, osasun azterketak egin ahal dituzte, eta kultura trukaketa ere gauzatu ahal da; horiek dira helburuak».
Gabeziak arintzeko oporrak
Programagaz bat eginda, sahararrekiko atxikimendua ere erakusten dela diote. «Euren zoritxarrean bakarrik ez daudela erakusten diegu. Trukean, herrialde horren berri eduki dezakegu, haien ohiturak ikasi, haur horien bizipoza partekatu eta gure haurrak elkartasunean hezteko aukera ezin hobea edukiko dugu».
Ume bat etxean hartzeko «gogoa baino besterik ez dela behar diote. Familiak umea zaindu eta beragaz gozatu besterik ez du edukiko. Familiari konpromiso bakarra eskatzen diogu: umea etxeko bat bailitzan zaintzea».
Azpimarratu dutenez, bestalde, gauza askoren artean Euskal Herrira ekarrita, ume horiek dituzten gabezietako batzuk arintzen direla diote. «Elikadura orekatuago izango dute, eta basamortua ez den paisaiaz gozatu ahalko dute».
Interesa dutenek telefonoz deitu (680 82 03 73/628 98 68 39) edo posta elektronikoa bidali dezakete yaalaelkartea@gmail.com helbidera.