Independentzia Egunerako deia egingo dute Deiadar mendietatik
Eatik Oiz mendira joateko irteerak antolatu dute; bermeotarrak, berriz, Sollubera doaz
Independentistak sareak Bermeon antolatu zuen iaz Independentzia Eguna, eta han iragarri zuten Larrabetzuk hartuko zuela lekukoa.
Eguna iristear da, domekarako antolatu baitute Independentzia Eguna. Hala ere, bezperan, Deiadar mendietara ibilaldiak antolatu dituzte, eta tontorretatik domekarako deia egingo dute.
Sollube, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira bost deiadar mendiak, eta horietatik guztietatik adar hotsez egingo dute Independentzia Egunerako deia zapatuan. Ordu berean egingo dute tontor guztietatik, 12:00etan, hain zuzen ere.
Irteerak. Zenbait herritatik tontorretara joateko irteerak antolatu dituzte. Eatik esaterako, Oiz mendira joango dira. Eatarrek autoz egingo dute Oizerainoko bidea. 10:00etan Natxituatik aterako dira, 10:05ean jarri dute ordua Ean eta 10:00etan,berriz, Bedaronan. Ondarrutarren modura, Oiz mendiko tontor ondoko baselizaraino joango dira autoz, 11:00etan tontorrera oinez abiatzeko.
Bermeotarrak, berriz, Sollubera joango dira, eta oinez egingo dute ibilbidea. Joateko asmoa daukanak, 09:00etan egon beharko du Taraskan. Beraz, zapatuan egingo dute Larrabetzun, domekan, ospatuko den Independentzia Egunerako deia.
Larrabetzun, domekan. Burujabe hobe lemagaz Independentista Sareak eta Larrabetzuko herritar independentisten batzordeak bultzatutako ekimena da domekan ospatuko dena.
Egun osoko egitaraua antolatu dutela jakinarazi dute antolatzaileek, baina burujabetza izango dela gai nagusia aitortu dute: “Hausnarketa politikoa, aldarrikapena eta jai giroa uztartuz, burujabetza izango da gai nagusia”.
Eguna girotzeko, kalejirak izango dira goizetik; baita mahai inguruak arlo ezberdinak landuz. Eguerdian, bazkari herrikoia egingo dute, eta arratsaldean kutur emanaldia. Ekitaldi nagusia 18:00etan izango da, eta ostean, erromeria.